Bake prozesua -

Agiria

Biarrizko operazioa, zigilatzeko prozesuaren aurkako erasoa, dio ETAk

Gara-ri igorritako agiri batean adierazi duenez, ETAk "eraso honen inguruan egiten duen irakurketa helaraziko dio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, erasoak sortzen duen egoera aztertu ahal izateko".

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren iritzian, Biarritzen egindako polizia-operazioa " ETAren armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzena izan da". Gara egunkariari igorritako agiri batean erakundeak adierazi duenez, "eraso honen inguruan egiten duen irakurketa helaraziko dio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, erasoak sortzen duen egoera aztertu ahal izateko".

Agirian, ETAk adierazi du operazioaren bidez Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin adostutako prozesuari eraso diotela. Hori dela eta, "eraso larri honek, eta aurretik Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen kontra burutu direnek, Espainia eta Frantziako Estatuek ETAren armategien zigilatzea eta, oro har, gatazkaren konponbidean aurrera egitea ezinezko bilakatu nahi dutela erakusten dute".

Gainera, oharrean, polizia-operazioa kritikatzeaz gain, "ETAk Frantziako Gobernuak duen ardura zehatza nabarmendu nahi du, Espainiako Gobernuaren jarrera muturrenekoarekin lerrokatua dagoelarik".

Era berean, ETAren ustean, "operazio hau noiz eta nola burutu den ikusita, ETAk uste du PPko Gobernuak egun duen krisi sakonarekin lotuta dagoela ere. Bere ohiko harrokeriarekin, gerra hizkeraren bidez eta indar militarra erakutsiz ezkutatu nahi du bere porrot politikoa".

Azkenik, ETAk uste du "konponbidearen aldeko indarrei dagokiela prozesu honi babes politikoa eman eta halako erasoen aurrean jarrera sendoa erakustea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA gaur Biarritz