Bake prozesua -

Bake Prozesua

Lokarrik bere jarduera amaitutzat emango du 2015eko martxoan

Bake prozesua "atzeraezina" dela ikusita, desegiteko erabakia aho batez hartu zuten Lokarriko kideek, irailaren amaieran egindako barne bileran.

Aieteko Bake Konferentzia antolatzea izan da Lokarriren lorpen handienetakoa.
Aieteko Bake Konferentzia.
2015eko martxoan Lokarrik bere ibilbidea bukatutzat emango du

IKER GOMEZ / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lokarri akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sareak bere jarduerari amaiera jartzea erabaki du, gaur Paul Rios koordinatzaileak prentsaurreko batean iragarri duenez. Agerraldian argudiatu duenez, bake prozesua "atzeraezina" da eta 2015eko martxoan desegingo da sarea. Erabakia aho batez hartu dute Lokarriko kideek, irailaren amaieran egindako barne bileran. Eztabaida luzea egin dute Lokarriren baitan, euren jarduerarekin jarraitu ala ez erabaki aurretik.

Bake prozesua "atzeraezina" dela argudiatuz hartu dute erabakia, Riosen hitzetan.

Bilbon egindako agerraldian, martxora bitartean Lokarrik izango dituen erronka nagusiak azaldu ditu: bake prozesuan "aurrerapauso berriak bultzatzeko azken ahalegina" egitea, nazioarteko eta tokiko erakundeekin dituzte konpromisoak betetzeko "bideak bilatu" eta urteotan garatutako ideien eta proposamenen "legatu osoaren gordetzaile izango den erakunde baten sorrera" prestatu.

Gaineratu duenez, Lokarrik bere ibilbideari amaiera jarriko badio ere, fundazio bat sortuko dute, plataformaren ekarpenak gordetzeko.

'Aro baten amaiera besterik ez da'

"Aro honi" amaiera jartzeko erabakia "lasaitasunez eta poik" hartu du Lokarrik, "22 urte hauetan zehar bai gure lanaren bidez nola gure babes ekonomikoaren bidez, Elkarrirekin eta Lokarrikerik kolaboratu dugun pertsona guztiok bakeari eta bizikidetzari ekarpen garrantzitsu bat egin diogulako".

"Lasai eta pozik gaude prozesua atzeraezina delako eta euskal gizartea, errespetuan eta elkar-ulertzean oinarritutako bizikidetza bat errotzeko gai izango delako", gaineratu du Riosek.

"Aro baten amaiera besterik ez da", esan du Lokarriko ordezkariak. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko "konpromiso bizia" mantenduko dute martxotik aurrera ere, "baina beste gune ezberdinetatik" arituko dira.  "Bake prozesua errotzeko baldintzak gure azken urteetako historian izan diren hoberenak direnean erabaki hau hartzeak itxaropenez betetzen gaitu", amaitu du Riosek.

lokarri paul rios

Paul Rios, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB.

Aieteko Adierazpena

Lokarriren ekarpen garrantzitsuena 2011ko urriaren 17ko Aieteko Nazioarteko Konferentzia izan zen. Egun horretan, nazioarteko hainbat agintarik bat egin zuten Lokarrik antolatutako ekimenarekin. Urte horretako otsailean eratutako Nazioarteko Harreman Taldeak, Brian Currin buru zela, Aieteko Adierazpena irakurri zuten Donostiako Jauregian. Bakea eta bizikidetza sustatzeko ezinbesteko pausoa da Aieteko Adierazpen hura.

Konferentzia horren helburu nagusia euskal gatazka nazioarteratzea eta bakea bultzatzeko emandako pausuekin babesa lortzea izan zen. Alderdi eta eragile sozial ugarik Aieteko Konferentzian parte hartu zuten.

Hiru egun beranduago, ETAk Aieteko bultzatzaileei erantzun egin zien, indarkeria behin-betiko utzi egiten zuela iragarriz.

Foro Soziala

ETAren iragarpenak, barne hausnarketa bultzatu zuen Lokarriren baitan: euren lana amaitutzat ematea eztabaidatu zuten orduan, baina jarduerarekin beste bi urtez jarraitzea adostu zuten.

Bi urteko epe horretan, Lokarrik bizikidetza indarketzeko hainbat ekimen bultzatu ditu. Bake Bidea plataformarekin batera, Foro Soziala eratu eta bultzatu egin du azken hilabeteotan.

Nazioarteko Bake Konferentzia hartu eta urte eta erdira, bake prozesua "desblokeatzeko eta sustatzeko, Aieteko Jauregian Foro Sozialaren hamabi gomendioak aurkeztu zituzten. Gomendio horiek ETAri, presoei eta Espainiako Gobernuari zuzendu zizkieten.

Besteak beste, presoei egindako kaltea onartzeko eskatu zieten, ETAri, armak eta azpiegitura militarrak "desegiteko" eta Espainiako Gobernuari "legeak errealitateari" egoiktzea eta ihes egindakoen egoera hausnartzea.

Bederatzi urte lanean

2006ko martxoan jaio zen Lokarri, Jonan Fernandez egun Bake eta Elkarbizitzarako idazkaria denak 13 urte lehenago sortutako Elkarriri lekukoa hartuta. Aurreneko ekitaldi gisa, "Denen artean. Bakea-Akordioa-Kontsulta" lelopean manifestazioa deitu zuen Lokarrik Bilbon.

Gaur egun sei langile, 250 militante eta 1.600 bazkide ditu Lokarrik. 50.000 lagunek babesten dute plataformaren jarduna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA gaur