Bake prozesua -
Erreakzioak
Erkoreka: 'ETAk bere interesen arabera kudeatu nahi du amaiera'
Jaurlaritzak 'prestutasuna' agertu du 'nazioartean ETAren amaieraren alde eta armagabetzea egiaztatzeko lanean diharduen taldearekin' elkarlanean aritzeko.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak ETAk, gaur, Gara egunkarian, kaleratutako agiriaren balorazioa egin du. Bere hitzetan, erakunde armatuak borroka armatuaren "amaieraren kudeaketa baldintzatu nahi du interes partikularren eta tenporalen arabera".
Agiriak agiri, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela esan du, ETAren behin betiko amaiera gauzatu arte. "Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du ETAren bukaera ordenatu, bideratu eta egiaztatua gauzatzeko behar diren pausoak eman daitezen", esan du. Talde armatuaren amaierak "elkarbizitza askean bizi den gizarte" bat ekarriko duela esan du Erkorekak.
Hala, Jaurlaritzak "prestutasuna" agertu du "nazioartean ETAren amaieraren alde eta armagabetzea egiaztatzeko lanean diharduen taldearekin" elkarlanean aritzeko. Prozesu hori bukaeraraino eramateak lehentasun osoa duela gaineratu du.
Agiriaren edukian sakondu gabe, Erkorekak nabarmendu du euskal gizarteak ez diola "ezer zor ETAri eta ez daukala zertan eskerrik eman behar armategia desegin duelako, erakunde armatuak ez duelako inoiz gizartearen babesik izan".