Bake prozesua -

Gizarteratzea

Erkoreka: 'ETAko presoak ez dira emandako hitza betetzen ari'

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak esan duenez, ezker abertzaleak "zeozer gehiago egin dezake", ETAko presoek urratsak eman dezaten laguntzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak baieztatu duenez, ETAko presoen kolektiboa "ez da" banakako gizarteratzea eta espetxe-legedia onartzeko emandako hitza "betetzen ari" eta, bere ustean, ezker abertzaleak "zeozer gehiago egin dezake", presoek urratsa eman dezaten laguntzeko.

Europa Press albiste agentziak egindako elkarrizketa batean, Erkoreka ziur agertu da errealitateak "agerian uzten" duela legedia horren "eskakizunak" betetzen dituenak behin behineko askatasuna lor dezakeela.

Bestalde, Erkorekaren esanetan, Rajoy ez da "zuhurtasunez" jokatzen ari, lehendakariak bake eta normalizaziorako prozesuaren arloan egindako proposamenak "aintzat hartu" eta horiei "aurre egin ez" dielako.

Gainera, Urkulluren taldeak egindako proposamenak, "norabide anitzekoak", hau da, "espetxeetako agintariei zein presoen kolektiboari eta ezker abertzaleari zuzendutakoak", "ezinbestekoak" dira bake eta elkarbizitza prozesuaren alorrean "urrats definitiboak" emateko. Erkorekaren iritzian, "goizago edo beranduago" Gobernu zentralak onartuko du Jaurlaritzak egindako eskakizunak "egokiak eta zuzenak direla une honetan".

Jaurlaritzaren bozeramalearen arabera, "egia" da Gobernu zentralak ez dituela "eman espero zitezkeen urratsak", kartzela-politikaren alorrean, baina "egia da ere, momentura arte, ETAko presoek jendaurrean hartutako konpromisoak -espetxe-politika onartzea, eta banakako gizarteratzearen alde egitea- ez dituztela bete, inolaz ere".

"Hori dela eta, Gobernu zentralak urratsik ematen ez badu, presoek hartutako konpromisoak ere ez dira bete. Prozesua ez da espera bezala betetzen ari, kolektiboak berak hartutako konpromisoak eta egindako adierazpenen ondoren", esan du.

Horrez gain, ezker abertzaleak "ez dio, behintzat publikoki, argi eta garbi eskatu" presoen kolektiboari "norabide horretan aurrera egin dezaten". "Ez dakit ezkutuan egin duten, baina jendaurrean ez dute eskakizun zorrotz bat egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea