Bake prozesua -
Gobernuari eskutitza
IRAren desarmearen egiaztatzaileak dio ETA oso sinbolikoa izan zela
Harold Gooden hitzetan, ez zen "garrantzirik gabeko" ekintza izan, "asmoen adierazpen oso sinbolikoa baino". Kezkatuta agertu da ANk egiaztatzaileak deitu zituelako deklaratzera.
Erredakzioa
Harold Goodek uste du armak erabat uzteko lehen urratsean ETA oso sinbolikoa izan zela. Alec Reid apaizarekin batera IRAren desarmean egiaztatzaile izan zen Good, eta joan den ostiralean iragarritakoa ''garrantzirik gabeko ekintza'' izan ez zela esan du Espainiako Gobernuari zuzendutako eskutitz irekian. "Asmoen deklarazio oso sinbolikoa'' izan zela azaldu du.
Lokarrik kaleratu duen idatzi horretan, ''dezepzioa'' eta ''ardura'' agertu ditu, Auzitegi Nazionalak egiaztatzaileak deklaratzera deitzeagatik. Halaber, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren erantzuna "mespretxuzkoa" izan zela uste du.
ETAk erabili ezinik utzitako arma kopuru txikia ikusita hasieran desengainua hartu zuela onartu du IRAren desarmearen egiaztatzaileak, ekintza horrek "antzerkia" eman dezakeela, baina "ETA bezalako erakunde militar batentzat lehen pauso handia da", azaldu du. Gooden aburuz, pauso horrek Gobernuaren ''erantzun positiboa'' merezi du. "Edozein bidaiatan bezala, lehen pausoak dira garrantzitsuenak eta, batzuetan, zailenak", esan du.
"Lehen pausoari kasurik ez egiteak zailago jartzen dio ETAri egin nahi duena egitea, nik jakin badakidan egin nahi duen hori egitea; armak erabat uztea, alegia", gaineratu du.
"Edozein keinu positibori erantzun positiboa ematearen beharra izan zen Ipar Irlandan ikasi genuen irakaspenetako bat", adierazi du Goodek, eta, ildo horretan, Euskadiren egoeraren eta Ipar Irlandaren egungo historiaren artean "parekotasun asko" ikusten dituela nabarmendu du.
Gobernuaren ''elkarrekikotasunik'' gabe prozesua ''ahuldu'' egingo da eta ''porrot'' egingo du, egiaztatzailearen hitzetan; ondorioz, "presoekiko jarreraren eta aberriratzearen inguruko eskaerak" aintzat hartzea eskatu dio Gobernuari.
"Edonola ere, badakit ETAren biktimek mina eta oinazea jasaten dutela. Biktimen ahotsak entzun egin behar dira", gaineratu du.
"Jakin badakit eskatzen dudana arrisku politikoa izan daitekeela gobernu batentzat. Dezepzioak eta desengainuak egon daitezke; abiatzeak eta geldiuneak, batekoak zein bestekoak. Horiek dira hartu beharreko arriskuak. Baina litekeena da arrisku horiek ez hartzea erantzun positibo eta zuhur bat baino arriskutsuagoa izatea. Eta denetan garrantzitsuena: ez hartu hitz egitea errendizio gisa. Edozein gatazkatan, etxeko desadostasunetan zein borroka politikoetan, ez da elkarrizketa ez den alternatibarik", adierazi du testuaren bukaeran.