Bake prozesua -
Europako Parlamentua
Bakea egonkortzeko EBren inplikazioa eskatu du Izaskun Bilbaok
Bilbaok Europako Batzordeari idatziz galdetu dio "Euskal Herrian bake prozesuaren bilakaeran laguntzeko paper aktiboa hartu behar duen", eta Irlandaren kasuan oso mesedegarria izan zela nabarmendu du.
Erredakzioa
Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak "Europako erakundean inplikazioa" eskatu du astelehen honetan Europako Parlamentuaren aurrean, "Euskadin bakea behin betiko egonkortzeko".
"Inplika gaitezen, mesedez, Europako beste prozesu batzuetan egin dugun moduan eta nazioarteko beste prozesu batzuetan egiten ari garen moduan. Ezin dugu Europako bihotzean gertatzen ari den bake prozesu batetik kanpo gelditu", nabarmendu du Bilbaok.
EAJko eurodiputatuak hitza eskatu du bilera hasi bezain laster, eta "Auzitegi Nazionalak nazioarteko egiaztatzaileak deklaratzera deitu izana sinestezina" dela esan du.
Europako Batzordeari idatziz ere galdetu dio Bilbaok "Euskal Herrian bake prozesuaren bilakaeran laguntzeko paper aktiboa hartu behar duen", Irlandan "oso mesedegarria" izan baitzen.
"Batasuneko zenbait Estaturi eragiten dien gatazka honen irtenbidea Estatu kide baten barne arazoa dela" uste duen ere galdetu dio, eta "ETAk indarkeria uzteko agertutako asmoak zintzoak" diren uste al duen.