Bake prozesua -

ETA-ren desarmea

ANk deklaratzera deitu ditu egiaztatzaileak ETAko kideekin izateagatik

Manikkalingam, Kasrils eta Maccab Madrilerantz abiatu dira dagoeneko. Ravensbergen bere herrialdera itzuli da, eta Santana ez dute oraindik topatu. Nambiar agerraldian parte hartu ez zuen bakarra da.

Egiaztatzaileak, Loiuko aireportuan, Madrilerako bidea hartu baino lehen. Irudia: EiTB
Egiaztatzaileak, Loiuko aireportuan, Madrilerako bidea hartu baino lehen. Irudia: EiTB
Egiaztatzaileak Madrilen dira dagoeneko

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu ditu Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideak, bileran parte hartu zuten ETAko kideak non diren esateko. Batzordeko kideek 10:00etan joan beharko dute Ismael Moreno epailearen aurrean.

Ram Manikkalingamek, Ronnie Kasrilsek eta Chris Maccabek ANnren agindua jaso dute dagoeneko. Batzordetik jakinarazi dutenez, aipatutako hirurek hegazkinez abiatu dira Madrilerantz gaur, larunbata, 17:40ean, bihar goizean Madrilen bertan deklaratzeko egoteko asmoz.

Ram Manikkalingam (Sri Lanka), Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India), Fleur Ravensbergen (Holanda) eta Aracelly Santana (Ekuador) gaur joatekoak ziren, Loiuko aireportutik abiatuta.

Manikkallingamek, Pariserako hegaldi bat hartzeko Loiuko aireportuan zela, jaso du zitazioa, Poliziaren eskutik.

Batzordeko beste bi kideek Bilboko hotelean jarraitzen zuten Poliziak ANren erabakiaren berri eman dienean.

Ram Manikkaningamek egin zuen ETAren erabakiaren iragarpena. Irudia: EiTB

Ram Manikkaningamek egin zuen ETAren erabakiaren iragarpena. Irudia: EiTB

Atzo, ostirala, Bilbon parte hartu zuten Batzordeko beste bi kideek Fleur Ravensbergen eta Aracelly Santana dira, baina ez dira Madrilen izango beste kideekin.

Ravensbergenek bere herrialderako hegaldia hartu ahal izan du, eta Santana ez dute oraindik topatu, Poliziak zabaldu duenez.

Satish Nambiar indiarra, Batzordeko seigarren kidea, ETAren iragarpena zabaltzeko agerraldian parte hartu ez zuen bakarra da, beraz, ez zegoen Euskal Herrian.

Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari, Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari igorri die agindua, Fiskaltzak Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite) Batzordeko kideak deklaratzeko eskera aintzat hartu eta gero.

Fiskaltzaren arabera, oinarri nahikoa zegoen egiaztatzaileek ETAko kideen nortasunaren eta hitzordua izan zuten lekuaren inguruko informazioa emateko eta, halaber, lokalizatzeko izan ditzaketen datuak jakinarazteko.

ETAk BBC katearen bidez bideo bat zabaldu eta gero egin zuen eskera Covitek. Bideoan, ETAko bi kide ageri dira, Manikkalingami eta Kasrilsi indargabetutako armen inbentarioa ematen.

Ageri diren ETAko kideak nortzuk ziren galdetuko die Moren epaileak, besteak beste. Irudia: BBC

Ageri diren ETAko kideak nortzuk ziren galdetuko die Moren epaileak, besteak beste. Irudia: BBC

Jonan Fernandez: "ulertzeko zaila da"

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren esanetan, "Auzitegi Nazionalaren erabakia ulertzeko zaila da", eta Gobernua ez dela ETAren desarmea errazteko ezer egiten ari ohartarazi du.

Radio Euskadiri egindako elkarrizketan, Euskal Herrian "egoera paradoxikoa" bizi dela nabarmendu du; "izan ere hainbat hamarkadatan indarkeria erabili duen ETA erakundeak armak entregatu nahi dituela adierazi du, eta Estatua ez da prozesu hori errazteko ezer egiten ari".

EH Bildu

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusiak adierazi duenez, ANren erabakiaren bidez, Estatuak "nahastea, adarra jotzea, oztopatzea eta boikot egitea" du helburu, bere "egia, kosta ahala kosta" ezartzeko.

Twitter sare sozialean duen kontuan egindako adierazpenen arabera, Urizarrek Moreno epailearen erabakia kritikatu du, "munduak norabide bat hartu duen bitartean, Espainiak kontrakoa hartu du".

Lokarri: "Egoera nahasteko gogoa dute"

Paul Rios Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareko koordinatzaileak Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi du twitter bidez. Riosen esanetan, erabaki horrek bake prozesua "nahasteko eta trabatzeko"  helburua du.

"Zentzugabekeria" izan dela adierazi ostean, Riosek, gainera, "hain epe laburrean" deitzea zalantzan jarri du; bere ustez, Auzitegi Nazionalak uste badu "ekarpenen bat egin dezaketela, eta pertsona horiek kolaboratu dezaketela, epe luzeago baten egin zezakeen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea