Bake prozesua -

Elkarrizketa

Ram Manikkalingam: 'Gobernu espainiarraren jarrera ezohikoa da'

EiTBk Ram Manikkalingam Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordea elkarrizketatu du, ETAk armategiaren zati bat "zigilatu eta erabili ezinik utzi" duela iragarri eta gero.

ETBk Ram Manikkalingami eginiko elkarrizketa esklusiboa

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTB: Iragarpen garrantzitsua eta historikoa da?

Ram Manikkalingam (RM): Urrats garrantzitsua eta esanguratsua da; lehenik, lehenengoa aldia da ETAk aldebakarreko pauso hori eman duela, armak zigilatu eta erabili ezinik utzi dituelako; bigarrenik, inolako agintariren laguntzarik gabe emandako urratsa da, arriskua zegoelako, eta, hirugarren puntua, seriotasunez hartu dutela erakusten du pausoak, prozesuan aurrera egin nahi dutela eta, azkenean, arma guztiak erabili ezinik eta zirkulaziotik kanpo utzi nahi dutela.

EiTB: ETAren armategi osoa kontuan izanda, zer ordezkatzen dute arma hauek?

RM: Ez dakigu zein ehuneko suposatzen duten emandako armek, emandako pausoa da baloratzen duguna.

EiTB: Eta, hemendik aurrera, zein da hurrengoa pausoa? Zein da erabateko desarmea egiteko bidea? Eperik zehaztuta dago?

RM: Ez dugu egutegirik egin, agintarien erantzunari itxaron behar diogu, ea zein den euren jarrera, modu sistematiko batean aurrera egiteko.

EiTB: Horrek esan nahi du zuen ustez erantzun bat egon behar dela? Hau da, ezin dela aldebakarrekoa izan, eta Gobernuek parte hartu behar dutela?

RM: Gauza ezberdinak daude; alde batetik, su-etena aldebakarreko erabakia da, eta hori praktikara eramatean, agindu bat ematen da, komandoek ekintzarik ez egiteko.

Kasu honetan, materiala dago, jaso egin behar da, eta ondoren suntsitu. Hori dela eta, beste aktore batzuek esku hartu behar dute, bestelako entitate batzuek, nahiz eta aldebakarreko pausoa eman eta bakarrik egiteko asmoa izan, praktikan ez da posible.

EiTB: Gobernu espainiarrak erantzunik eman barik jarraituko balu, euskal bidea balekoa izango litzateke? Uste al duzu Euskadik maila eman lezakeela, Espainiak pausoa ematea ukatzen badu?

RM: Printzipioz bai, Euskadik gauza asko egin litzake; halere, praktikan, beste aktore batzuen esku-hartzea behar da, bestelako eskumenak dituztenak, beste erakunde batzuk... gizartea ere kontuan hartuta.

Logikoa denez, agerikoa da hemen horrelako ekintzak babesten direla, eta Madrilek pauso gehiago ematea ahalbidetzen badio Euskadiri, aukera gehiago dago zerbait lortzeko.

EiTB: Baina, Gobernu espainiarra barik, posible da aurrera egitea?

RM: Gobernu espainiarraren kolaboraziorik gabe ere agerikoa da gauzak egin direla. ETAk, adibidez, aurrera egin du eta zuloak zigilatuta eta armak erabili ezinik utzita... Horrek konfiantza zabaltzen du euskal gizartean, indarkeriaren amaierarako bidean lan egiten ari den seinale da.

EiTB: Uste al duzue gaurko iragarpenak Gobernu espainiarraren jarrera aldatuko duela?

RM: Ez dakit.

EiTB: Aurreko horrekin lotuta, zuek, aurretik egindako bitartekaritza lanetan, Gobernu espainiarrak duen inplikazio falta izan duen Gobernurik ikusi al duzue?

RM: Benetan, ez dugu sekula horrelakorik ikusi; agerikoa da gizarteak pausoak ematea nahi duela, baina Gobernua zalantzaz beteta dago; ez da urratsak ematen ari.

EiTB: Noiz bukatuko da Batzordearen lana?

RM: Ahalik eta lasterren.

EiTB: Batzordearen lana ETAren desarmea erabat bukatzen denean bukatuko da edo desegite prozesuan ere parte hartuko du?

RM: Gure betebeharra oso mugatuta dago; zuloak zigilatzen dituztela eta armak erabili ezinik uzten dituztela egiaztatu behar dugu, ez dugu beste egitekorik.

EiTB: Mezuren bat bota nahiko zenuke?

RM: Neure iritzian, aukera historikoa da honakoa, 50 urteetan lehenengoz gertatu dena. Batzordeko kideon sorterriak oso bestelakoak dira, esperientzia ezberdinak izan ditugu... baina aukera bat ikusten dugunean aprobetxatzea nahi dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea