Bake prozesua -

Komunikatua

Bake eta subiranotasun akordioak nahi ditu ETAk, desarmea aipatu gabe

Gudari Eguna dela-eta ETAk kaleratutako komunikatu zabala argitaratu du  'Gara'-k. 'Askok ez dute gure irakurketarekin bat egingo, eta hori onartu eta errespetatu egiten dugu', dio erakunde armatuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere ''borroka ibilbideari uko egin'' eta '''zapaltzaileen kontaketa'' bere egin beharra onartu ezin duela esan du ETAk. Hala ere, ''adiskidetze nazionala''ri ekitearen alde egin du eta subiranotasunaren eta bakearen inguruan akordio zabalak eskatu ditu, desarmea aipatu gabe.

Gudari Eguna dela-eta ETAren komunikatu zabal bat argitaratu du larunbat honetan Gara egunkariak. Bertan,  egindako ibilbidea “legitimoa” eta “bidezkoa” dela azpimarratu du erakunde armatuak. “Euskal Herriaren biziraupena eta askatatasunen atea zabalik izatea ahalbideratu baitu horrek” ETAren ustez.

“Memoriarik gabeko bakerik” ez du nahi

Halaber, hildako erakundeko kideak eta haien senideak gogoratu ditu, eta memoriaren gaia ere jorratu du, “adiskidetze nazionalaren” ideiaren bidez. ''Askok ez dute gure irakurketarekin bat egingo, eta hori onartu eta errespetatu egiten dugu. Ez dugu eskatzen gainerako indar politikoek gure ikuspuntuarekin bat egitea. Baina, aldi berean, ezin dugu onartu borroka ibilbideari uko egin eta zapaltzaileen kontaketa gure egin beharra'', idatzi du ETAk agiri horretan.

PSOEren jarrera kritikatu du bereziki, ETAren ustez, bake ekinbide guztietatik urruntzea erabaki duelako: “Euskal Herria preso eduki nahi dute, hari hitza eta erabakia ukatzen dion estatuaren indarkeriaren eta sabai juridiko-politikoaren artean”.

“Herri gisa” jardutera deitu ditu eragileak eta herritarrak

Subiranotasunaren eta bakearen alde aurrera egiteko ''herri gisa prozesuak'' abiatzearen alde egin du, agiriak jasotzen duenez. ''Herri gisa prozesua beharrezkoa da. Beharrezkoa da eraso guztiei aurre egingo dien eta lotuta gaituzten kate guztiak askatuko dituen herri mailako prozesua. Subiranotasunaren eta justizia sozialaren eskutik gure bidea egiteko herri mailako prozesua ezinbestekoa da'', ETAren hitzetan.

Akordio zabalak

Gatazkaren irtenbidea lortzeko prozesuan akordio zabalak eskatu ditu ETAk. ''Bakearen bidean sar daitezen Estatuei eskua luzatzen aritu gara denbora luzez'', gaineratu du. Halaber, prozesua ''Euskal Herritik Euskal Herrira'' egituratzearen alde azaldu da, ''elkarbizitza demokratikoaren oinarriak ezartzeko.

Azkenik, gatazka konpontzeko Estatuen esku-hartzea beharrezkoa dela jakitun, euskal herritarrek eta agenteek beren ahotsak entzunaraztearen alde ere agertu da ETA, Estatuek pausoak eman ditzaten, agirian jasotzen denez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea