Bake prozesua -
Aberri Eguna
Euskal Herrian jokaleku berria irekitzeko aukerak daudela uste du ETAk
Agiri horretan ETAk dio presoak eta iheslariak Euskal Herriratzeko pauso ausart eta erabakigarria emateko ordua dela.
Erredakzioa
ETAk agiria bidali du Gara egunkarira Aberri Eguna dela eta. Agiri horretan ETAk dio, Espainia eta Frantziako gobernuek ezartzen dituzten oztopoen gainetik, jokaleku berria zabaltzeko aukerak daudela, gatazkari konponbidea eman eta bake justua lortzeko.
Aipamen berezia egiten die ETAk, euskal preso eta iheslariei: "euskal preso eta iheslari politikoen parte hartzeko baldintzek gainerako herritarren parekoak izan behar dute". Prozesuan parte hartzeko libre egon behar dutela adierazi du ETAk. Gaineratu duenez, presoak eta iheslariak Euskal Herriratzeko pauso ausart eta erabakigarria emateko ordua da.
Herri proiektua antolatzeko garaia dela aldarrikatzen du, eta bertan gizarteko sektore ezberdinek parte hartzeko beharra azpimarratzen du, langileak eta erakundeak barne. Helburuak oztopoak gainditzea eta Euskal Herriaren burujabetza lortzeko tresnak lortzea izan behar dute.
Erasoak eraso eta oztopoak oztopo, Euskal Herrian jokaleku berriak zabaltzeko aukerak daudela uste du ETAk: "Gatazkari konponbidea emateko eta bake justua lortzeko, elkarrizketarekiko eta akordioarekiko aldekotasuna erabatekoa da euskal jendartean; geroz eta sektore gehiagok eskatzen dituzte aldaketa politikoak eta sozialak, Euskal Herriaren aitortzan eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarrituta; eta proiektu independentista, alternatiba indarberritu eta sendo gisa ageri da lurralde osoan.
ETAk aipamen berezia egin die "aberriarekiko maitasuna espetxe eta erbestean zigorrarekin ordaintzen ari diren" euskal herritarrei. Halaber, agirian gogoan izan dute duela gutxi hil den Angel Figueroa euskal presoa. Agiria Xabier Lopez Peña "Thierry"ren heriotza ezagutu aurrekoa da.