Bake prozesua -

Dokumentazioa

'Thierry', ETAko buruzagi nabarmenetakotzat jo zuten gizona

Xabier Lopez Peña ETAko ordezkaria izan omen zen Zapateroren Gobernuarekin izandako negoziaketetan.

Xabier Lopez Peña, Thierry. EFE
Xabier Lopez Peña, Thierry. EFE
Xabier Lopez Peña, Thierry. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Lopez Peña 'Thierry' ETAk azken hamarkadan izandako buruzagi nabarmenetarikoena dela uste du Poliziak. Halaber, 'Thierry' ETAko ordezkaria izan omen zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin izandako negoziaketetan, eta elkarrizketa horien porrotaren erantzuletzat jo dute hainbatek.

"Negoziazioak apurtuz gero, bizitza osoa kartzelan emango zuela esan nion 'Thierry'ri", azaldu zuen behin Jesus Eguiguren PSEko presidenteak, "eta berak esan zidanez, negoziazioak apurtuz gero, hileta-elizkizunera joateko sei gorbata beltz erosi beharko nituzke". 'Josu Ternera' ETAko kide historikoak PSOEko Gobernuarekin izandako hasierako negoziaketak kudeatu zituen. Ondoren, hainbat iturriren arabera, 'Thierry' izan zen elkarrizketa horien buru.

Su-etena hautsi

Lopez Peña Galdakaon (Bizkaia) jaio zen 1958an. Hainbat izengoiti izan ditu: 'Bartolo', 'Zulos', 'Pierre', 'Marcel' eta 'Thierry'. Azken izengoiti honekin parte hartu omen zuen 2006an lehen aldiz Gobernuarekin izandako elkarrizketetan. Halaber, Madrilgo Exekutiboarekin 2007ko maiatzean izandako bileran ere izan zen.

1983tik ihes egin ostean, Bordelen atxilotu zuten ETAko beste hiru kiderekin batera: Ainhoa Ozaeta Mendiondo, Igor Suberbiola eta Jon Salaberria Batasunako legebiltzarkide ohia. Poliziak esan duenez, ETAko zuzendaritzan ardurak hartu zituenean, Garikoitz Aspiazu Rubina 'Txeroki' ETAko arduradunarekin liskarrak izan zituen 'Thierry'k.

20 bat atxiloketa

Lopez Peña atxilotu ostean, horri Bordelen atzemandako dokumentazioari esker, Poliziak ETArekin lotzen dituen 20 bat lagun atxilotu ditu.

Terrorismoaren aurkako adituek diotenez, 1980an hasi zen 'Thierry' ETAn ardurak izaten. Handik hiru urtera Frantzian atxilotu zuten, baina aske utzi zuten eta klandestinitatera igaro zen. 1993tik ETAko zuloen arduraduna izan zen, aipatutako iturrien arabera, eta ETAko zuzendaritza lanak egin zituen. 90ko hamarkadako erdialdean Kubara ihes egin zuen, eta bueltatu zenean erreserbako taldeen ardura hartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea