Bake prozesua -

Foro soziala

ETAren desarmatzea jorratzeko 'pazientzia' eskatu du Lokarrik

Paul Riosen hitzetan, Euskadik ''irtenbide berriak'' behar ditu. Desarmatzean printzipio batzuk jarraitu eta berme batzuk behar direla esan du Lokarriko koordinatzaileak.

Preso eta iheslarien birgizarteratzea izan dute hizpide foro sozialean

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Rios Lokarri akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzaren aldeko herritarren sareko koordinatzaileak 'pazientzia' eskatu dio gizarteari ETAren desarmatzea eta bake prozesua oztopa dezaketen beste gai batzuk jorratzeko.

Ostiral honetan, bakea bultzatzeko foroaren bigarren jardunaldia egin dute Bilbon, atzo Iruñean egindako lehen saioaren ondoren.

Gaurko hitzorduan, Riosek esan du desarmatzean printzipio batzuk jarraitu eta berme batzuk behar direla. Helburu horrekin, Riosek azaldu du prozesuak aurrera egin dezaken ''beharrezkoak diren ideiak'' biltzen ari dela Lokarri. ''Gai asko daude mahai gainean'', gaineratu du.

Bake prozesuak zenbait esparrutan, tartean ETAko presoen birgizarteratzean, dituen zailtasun aurrean Euskadik ''irtenbide berriak'' behar dituela uste du Lokarriko koordinatzaileak.

Riosek esan du bultzadari eustea beharrezkoa dela, baina irtenbidea beharko duten ''arazo eta egoera berriak'' sortuko direla ohartarazi du. Oztopoak oztopo, bakegintza sendotzearen inguruan baikor agertu da Lokarri koordinatzailea.

Jardunaldiko parte hartzaileak

Ostiral honetan, besteak beste, Kieran McEvoy Belfasteko Queen Unibertsitateko Zuzenbide irakasleak hartu du parte foroan.  McEvoyk ohartarazi duenez, ''presoen arazoa konpontzea ez du esan nahi gatazka konpontzen denik''.

Edonola ere, McEvoyren hitzetan ''positiboa'' litzateke Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAko presoak bertako kartzeletara hurbiltzea onartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea