1976ko Martxoak 3 -
41. urtemuga
Ganberan 'Egiaren Batzordea' eratzeko eskatu du Martxoak 3 elkarteak
1976ko sarraskia argitzeko aurkeztutako kereila artxibatu izana ere salatu dute elkarteko kideek.
Agencias | Redacción
Frankismo garaian eta trantsizioan egindako giza eskubideen urraketak ikertzeko, Eusko Legebiltzarrean "Egiaren Batzordea" sortzeko eskatu du Martxoak 3 elkarteak.
Elkarteko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko antolatu dituzten ekitaldiak aurkezteko, eta 41. urteurren honetan, hainbat neurri hartzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari.
Andoni Txasko elkarteko bozeramailearen hitzetan, frankismo garaian egindako hilketak ikertzeko batzorde bat osatu beharko litzateke Gasteizko ganberan. Haren ustez, beharrezkoa da giza eskubideen urraketon biktimak "bazterketarik gabe" aitortuko dituen Memoriaren Lege bat.
1976ko martxoaren 3ko hilketa lazgarrien 41. urtemuga da aurtengoa. Egun hartan, langileen protesta batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz Espainiako Polizia Armatuak. Hildakoez gain, ehunka lagun zauritu zituzten sarraskian. Oraindik, baina, ez dute inor zigortu egun hartan Arabako hiriburuan gertatutakoagatik.
Ekitaldiak
Ekitaldi andana prestatu du elkarteak urtemuga honetarako. Egitarauari martxoaren 2an ekingo diote, Gasteizko epaitegien aurrean egingo duten elkarretaratze batekin. Bilkurak bi helburu izango ditu, elkarteko kideen esanetan: frankismoaren hilketen "inpunitatea" salatzea eta nazioarteko araudiak giza eskubideen inguruan dioena betetzeko eskatzea.
Sarraski hura dela eta Arabako erakundeek aurkeztutako kereila artxibatzea erabaki du berriki Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak, eta ingurumari horretan egingo dute protesta. Txaskoren hitzetan, epaileak, hilketok gizateriaren aurkako krimen ez direla ebatzita, ez dio nazioarteko zuzenbideari erreparatu. Azaldu duenez, egoeraren berri eman diote Pablo de Greiff eta Ariel Dulitzky NBEko errelatore bereziei, Fabian Salvioli NBEren Giza Eskubideen Batzordeko presidenteari, eta Esteban Beltran Amnisty Internacional erakundeak Espainian duen presidenteari.
Martxoaren 3an bertan, ohiko ekitaldia egingo dute (18:30) biktimen aldeko monolitoaren aurrean, Gasteizko Zaramaga auzoan. Ordu erdi geroago, manifestazioa egingo dute. Eguerdian, tankerako omenaldi bat egingo du EH Bilduk.
Biharamunean, martxoaren 4an, Madrilen amaituko dituzte aurtengo ekitaldiak. "Memoriaren eta Justiziaren aldeko Hiriak" lelopean, jardunaldiak antolatu dituzte eta "Llach, La Revolta Permanent" dokumentala eskainiko dute. Ondoren, solasean arituko dira Andoni Txasko elkarteko bozeramailea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Lluis Llach kantaria eta Jaume Roures dokumentalaren ekoizlea.