1976ko Martxoak 3 -
Martxoak 3ko gertakariak
Bartzelonak domina kenduko dio Martin Villari Martxoak 3a dela eta
Gasteizen 1976an jazotako gertakarien 40. urteurrena bete dela aprobetxatuta kendu nahi dio urrezko domina. Domina urte hartan bertan eman zioten.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako udal-gobernua Rodolfo Martin Villa (UCD) Gobernazio ministro ohiari hiriko urrezko domina kentzeko izapideak egiten hasi da, Vitoria-Gasteizen 1976ko martxoaren 3an jazo ziren gertakariak direla-eta. Hala jakinarazi du Gerardo Pisarello hiriko lehenengo alkateordeak.
Pisarellok adierazi duenez, Martin Villari domina kentzeko arrazoiak honako hauek dira: "garai hartan izan zituen erantzukizunak" eta "hilketa harengatik justiziaren aurrean agertzea ukatu izana".
1976ko martxoaren 3an, langile batzuek Gasteizen egin zuten bilera batean, bost langile hil ziren poliziaren tiroen ondorioz, eta ehunka lagun zauritu ziren, Rodolfo Martin Villa Gobernazio ministro zelarik.
2014an, frankismoaren aurkako auzi penala daraman Maria Servini epaile argentinarrak Martin Villa atxilotzea eskatu zuen, bilera horren aurka egindako errepresioarengatik.
Bestalde, alkateordeak azaldu du Bartzelonako gobernuak ez duela "arazketarik egiteko asmorik" Bartzelonako udalak frankismo- eta trantsizio-garaian eman zituen 638 golardoen inguruan, eta hala egitea eskatzen direnetan "kasuz kasu" aztertuko direla.