Itxi

X-inigoherce-X

Masen gau iluna

Iñigo Herce

Iñigo Herce

CiUri eta Masi hasitako bideari eusteko gogorik geratuko ote zaion pentsatuz, aurpegia arimaren ispilu bada, balorazioa egiterako prentsaurrean erakutsitako aurpegiaren arabera, ezezkoan nago.

2012ko azaroaren 25a ez du errez ahaztuko Artur Masek. Bere ibilbide politikoaren mugarria izan behar zen gaua, akaso bere hilobi bihurtu liteke. Erronka argia egin zuen Masek Irailaren 11ko manifestazioaren ondoren: hauteskundeak deitu zituen gehiengo absolutua lortu eta Kataluniako gizartean ustez zegoen grin abertzalea bere egiteko intentzioz. Jokaldia gaizki atera zaio president-ari. Zentzu horretan, porrota nabarmena da eta emaitzak ondorioak ekarriko ditu CiUren estrategian. Ikusteke dago, gainera, Artur Mas beraren etorkizun politikoa, hauteskundeak deitu baino ahulago atera delako bera alderdia eta, ondorioz, Mas bera ere.

Arrazoiak bilatzeko orduan, hiru iturburu aurki genitzake gertatutakoa azaltzeko: subirautzaren bidea egiteko eskeinteari bere hauteslegoak muzin egin izana; Administrazioan harturiko murrizketa gogorren kontrako zigorra; eta, azkenik, kanpainan jaurtitako ustelkeri zantzuek nolabaiteko susmo itzala utzi izana zenbait botuemaileen artean.

CiUk bere piezak berrantolatu beharko ditu hurrengo asteotan. Ikusi du gainera independentziaren aldeko uholdeak ez diola mesederik egin, bai ordea bigarren indar izanda gaueko garaile izan den ERCri. Geratuko zaion poz bakarra da, Kataluniako Legebiltzarrean independentziaren aldeko bozak kontrakoak baino gehiago direla, nabarmen. Ikusteke dago, halere, gaur jaso duen egurraren ondoren, CiUri eta Masi hasitako bideari eusteko gogorik geratuko ote zaion. Aurpegia arimaren ispilu bada, emaitzen balorazioa egiterakoan emandako prentsaurrean erakutsitako aurpegiaren arabera, ezezkoan nago.