Jesus Torquemada
Iruzkina
Europako diruaren lehia
Jesus Torquemada
- Erredakzioa -
Europako aurrekontuen lehia izaten da hori, hau da, zenbat diru izango duen Europako Batasunak politika komunitarioetara bideratzeko eta nola gastatuko den dirutza hori.
-
Jesus Torquemada nazioarteko gaietan aditua. Argazkia: EITB
Zazpi urtez behin, Europako Batasunean borroka gogorra izaten da, denak lehia bizian aritzen dira, bazkideak izan beharrean aurkari handiak dirudite. Europako aurrekontuen lehia izaten da hori, hau da, zenbat diru izango duen Europako Batasunak politika komunitarioetara bideratzeko eta nola gastatuko den dirutza hori.
Garrantzitsuena zera da: nork jarriko duen dirua guztiena den kutxa horretan eta nork hartuko duen diru hori, hau da, zenbat diru jarriko duten batzuk eta zenbat diru jasoko duten besteek.
Dirua jartzen dutenak herrialde aberatsak dira; dirua jasotzen dutenak, berriz, herrialde pobreak. Herrialde pobreek nahi dutena, beraz, zera da: guztiena den kutxa horretan diru asko egon dadila gehiago hartu ahal izateko, eta, aldiz, herrialde aberatsek nahi dutena justu kontrakoa da, kutxa horretan diru gutxiago egotea, eurek diru gutxiago jar dezaten.
Modu erraz batean esateko, hori da Europako buruzagiak orain eztabaidatzen ari direna. Europako Batzordeak proposatu du guztien kutxa horrek bilioi bat euro izatea zazpi urteko epean gastatu ahal izateko, 2014-tik 2020ra bitartean gastatzeko, alegia.
Herrialde pobreek begi onez ikusi dute proposamena, herrialde aberatsenek, ordea, kopurua murriztea nahi dute, kutxa horretan gutxienez 80 mila milioi gutxiago egon daitezela eskatzen dute. Horretarako ematen duten arrazoia: herrialde bakoitzak bere aurrekontuak ere murriztu egin behar izan dituela eta, beraz, Europako Batasunekoak ere murriztu beharrean daudela.
Dirutza handia dago jokoan eta horrexegatik, borroka gupidarik gabekoa da.