Itxi

Bake prozesua

Urtebete, ETA barik

Biktimak, itxaropenaren eta eszeptizismoaren artean

L.E.

Aintzatespena eta egindako minaren ordaina dira ETAko biktimen aldarrikapen nagusiak. Hala ere, biktimen kolektiboek ikuspuntu ezberdinak dituzte indarkeriaren amaieraz hitz egiterakoan.

  • Biktimek jarrera kontrajarriak agertu dituzte ETAren iragarpenak sortutako testuinguruari dagokionez. Efe.

2011ko urriaren 20an ETAk "ekintza armatuen behin betiko etena" iragarri zuenetik, terrorismoaren biktimen elkarteek jarrera ezberdinak agertu dituzte: batzuk, eszeptizismoz hartu dituzte ETAren eta ezker abertzalearen azken erabakiak; beste batzuek, ordea, itxaropenez ikusi dute bake-eszenario berriaren sorrera.

ETAk iragarpena egin eta ordu batzuetara, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) iragarpena "hauteskundeei begira egindako amarrua" zela adierazi zuen. "Erakunde demokratikoetara bueltatzeko azpikeria maltzurra da. Itxurak egin eta demokraziari iruzur egitea da ETAren helburua", esan zuten hedabideetara bidalitako idatzian.

Terrorismoaren Biktimen Fundazioak (FVT) ere, Maite Pagazaurtundua buru zuela, bat egin zuen AVTaren adierazpenekin, eta "ETAk egin behar duen gauza bakarra" "desagertzea" zela gaineratu zuen. Era berean, biktimen elkarte horien artean, gertatutakoaren kontaketa historiko bat egiteko beharra sortu zen, "garaileak eta galtzaileak dituen kontaketa". Garaileen eta galtzaileen behar horrek, eztabaida ugari sortu ditu biktima horien eta zenbait alderdi politikoren artean.

Hala ere, ETAren biktima guztiek ez dute mesfidantza agertu ekintza armatuaren etenaren aurrean. Badira ETAren su-etena finkatzearen alde hitz egin dutenak, baina kalteen ordaina eta justizia baztertu barik. Horren alde egin dute, besteak beste, Rosa Rodero, Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunak; Josu Elespe, Froilan Elesperen semeak eta Iñaki Garcia, Juan Manuel Garcia Corderoren semeak.

Glenncree, inflexio-puntua

Adiskidetzearen aldeko prozesuak bultzada handia jaso zuen 2012ko ekainaren 17an. Egun hartan "Glenncree ekimena" delakoa aurkeztu zuten azken hamarkadetan alde ezberdinetako indarkeriaren biktima izandako 25 pertsonak. Biktima horiek adierazpen bat sinatu zuten egindako minaren aintzatestea, egindakoaren ardurari aurre egitea eta egian, justizian, oroimenean, aintzatestean eta egindako kalteen ordainketan oinarritutako bakea eskatzeko.

Glenncree bost urtetan egindako topaketen emaitza zen, ETAren, GALen eta Batallon Vasco Español delakoaren biktimen arteko topaketena, alegia. Bilera horiek diskrezio osoz egin ziren, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Zuzendaritzaren laguntzarekin. "Gure arteko aintzatespenetik, empatiara eta aurrean daukagunaren aintzatespenera bitarteko bidea egin dugu, hasierako oztopoak eta estereotipoak gaindituta", esan zuten.

Biktimen eta presoen arteko bilerak

Bestelako topaketa batzuk ere izan dira: biktimen eta euren familiakoak hil zituzten terroristen artekoak.

Consuelo Ordoñez Gregorio Ordoñezen arrebarena eta Valentin Lasarte ETAko presoarena, eta Roberto Manrique, Hipercorreko atentatuan bizirik ateratakoarena, eta Roberto Caride ETAko kidearen artekoa izan dira, besteak beste, hedabideetan agertu direnak, nahiz eta biktimen eta presoen arteko topaketak urtebete aurrerago hasi.

Aintzatespena eta barkamena

Azken hilabeteetan, ezker abertzaleak lehen aldiz onartu du ETAren biktimen sufrimenduaren aurrean izandako sentsibilitate falta. Kursaalen otsailean aurkeztutako dokumentuan, "gatazkaren unerik latzenetan, zenbait biktimari beste batzuei erakutsitako elkartasuna agertzea falta izan zaigu".

Arnaldo Otegik ere antzerako hitzak esan zituen kartzelan egindako elkarrizketa-liburu batean: "Bozeramaile lanetan egindako adierazpenekin (eta Batasuneko bozeramaile guztien izenean ari naiz) ETAren biktimen familien mina, sufrimendua edota iraina areagotu baditut, barkamena eskatu nahi diet, bihotz-bihotzez".

Presioa Gobernuari

Josu Uribetxebarriaren kasuaren harian, eta osasun arazoengatik hirugarren gradua ematen zitzaiola ikusita, biktimen zenbait elkartek ETAko presoei espetxe aringarriak ematearen kontra agertu dira. AVTa Barne ministroarekin ere bildu zen, Gobernuak larri gaixo dauden ETAko gainontzeko 13 presoei aringarririk ez emateko, nahiz eta ezker abertzaleak preso horiek kartzelatik ateratzeko eskaera egin.

Halaber, Maite Pagazaurtundua FVTko presidentea biktimen balizko "mendekuaz" aritu zen, ETAren amaierak terroristen "inpunitatea" ekarriz gero eta biktimak "umiliatuta" sentituz gero. Horrez gain, ETAren amaiera horrek garailerik eta galtzailerik ez izateari uko egin zion.