Begoña del Teso
Sinadura
Klasikoak dira, modernoak dira, bitxiak dira

Begoña del Teso
Emakume horiek guztiak zinemaren Historian kokatzea du helburu "Klasikoak, modernoak eta bitxiak, zinemaren istorio feministak" zikloak.
Oraindik hasi berria den 2025 honetan zehar iraungo duen zinema ziklo bastante probokatzaileari ekin diogu Donostiako Tabakaleran. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak bultzaturik, izenburu ederradu dozenaka pelikulaz beteriko proposamen zeluloidezko honek: Klasikoak, modernoak eta bitxiak, zinemaren istorio feministak.
Izenburu aproposa eta, bestalde, desafio grinaz aukeraturiko azala zikloari egokitzen zaion Nosferatu bildumaren liburuarena, bertan ez baita agertzen ortodoxiak onartzen dituen emakumezkoek egindako pelikula horietako baten irudirik, baizik eta 1985ean Leora Barishek idatzi, Susan Seidelmanek zuzendu eta Rosanne Arquettek eta Madonnak antzeztu zuten Desperately Seeking Susan haren fotograma bat. Izan ere, emakumeek sorturiko zinemaz horren umore txarez, horren garratz, pontifikatzen duten horiek sekula ez dute pelikula hau buruan izan beren mintzaldi eta ikerketan. Pena da. Merezi du eta.
Luze, oso luze eta are sutsuago iraungo duen ziklo honek (eta aldi berean argitaratutako liburuak) berezitasun aberatsa du barrenetan: ez da zerrenda amaigabe bat, non zinemagile guztiak (baita kasik pelikularik ez dutenak ere) zenbatzen eta lerrokatzen diren. Justu kontrakoa, kantitateak garrantzia badu ere, inor baztertu nahi ez den arren, bestelakoak dira helburua eta desira: emakume horiek guztiak zinemaren Historian kokatzea. Ez baitira izaki arraro eta isolatuak. Bizi zituzten garaiek, erabili zituzten baliabideek, indarrean ziren inguruetako korronte filmiko-politiko-filosofikoek, norberaren pentsatzeko moduek eta filmatzeko teknikek zein teoriek eragin handia, itzela, sekulakoa izan zuten beren zineman, gizonezkoek sortutakoan nola. Klasikoak, modernoak eta bitxiak ez da sailkapen bat. Ezta lexikoi bat ere; aitzitik, pelikula bakoitza bere inguruabarretan iltzatzen da.
Zikloaren beste ezaugarri garrantzi handikoa: klasikoak, modernoak eta bitxiak diren horiek ez dira soil-soilik sortzaileak, baizik eta zinema ikusteko, zinema sentitzeko, zinema gureganatzeko gure manerak osatu, moldekatu zituzten izar handiak, ekoizleak, kritikariak ere.
Izarrak??? Nolatan? Zergatik? Zer dela eta? Izugarria izan baitzen, sarri, estudioetan zuten boterea, parte hartzen zuten pelikula nahi zuten eremuetara ekartzeko abilezia. Gehiago esatera ausartuko gara lasai asko, gogoan ditugun Hitchcocken hainbat lan Grace Kellyk edo Kim Novakek dira zeharo markatuak…
Otsailaren 5ean Tabakaleran ikusgai izango diren bi film idatzitako horren guztiaren etsenplu garden eta garbia dira. Alde batetik, Musidorak sortutako Soleil et Ombre (La Española) 1922ko film ertaina. Bestetik, nork eta Leni Riefenstahlek 1932an eginiko Das Blaue Licht.
Musidora bere garaiko diva, prima donna, jainkosa erabatekoa zen. Artista guztien musa, beste emakume ororen eredua. Azkarra, bizkorra, argia, segituan ohartu zen zinemak sormenerako eskaintzen zituen aukera guztiez. Eta probestu. Aktore jardun zuen Feuilladeren Les vampires sail mitikoan. Bertan janzten zuen maillota garai guztietako moda ikonoa bilakatu zen laster. Egile gisa, duela urte pare bat Euskadiko Filmategiak berreskuratu Pour Don Carlos edo Alegria kapitaina sinatu zuen. Gerra karlistetan Euskal Herrian kokaturiko drama honek ederki asko frogatzen du Musidorak zinema zertan bazekiela. La Españolan, gauza bera. Bi emakumek torero batekin duten maite-joko tragiko honetan kamera erabiltzeko duen moduak, mugitzeko erakusten duen abileziak, zur eta lur uzten du ikuslea.
Ezin ukatu: nazi buruzagi guztiek mira zioten Leni Riefenstahli, eta berak gustuko zuen amirazio hori. Pareko gutxi du egile alemaniarrak Historian. Olympia eta Triumph des Willens bere dokumentalak filmatzeko, bitarteko tekniko berriak asmatu zituen. Filmatzeko erak ere. Egun, politikoki zuzena ez den arren, egile askok aitortzen dute Lenirekin daudela zorretan berak egindako guztian inspirazioa aurkitzen dutelako.
Das Blaue Licht herriak begiz jotako emakumearen ipuin malapartatuan, bere zinemaren handitasunak besarkatuko/sorginduko zaituzte. Leni eta Musidora klasikoak, modernoak eta bitxiak baitziren. Baitira.