Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Inperioak baino zabalagoa

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Urte gastatu bat joan berri zaigun honetan, urte dastatu gabea etorri berri zaigun honetan, hasiko gara betetzear ditugun gauak eta egunak zeluloidezko zertzeladaz blaitzen, gainezka egiten?

Urte gastatu bat joan berri zaigun honetan, urte dastatu gabea etorri berri zaigun honetan, hasiko gara betetzear ditugun gauak eta egunak zeluloidezko zertzeladaz blaitzen, gainezka egiten?

Frantziako Premiere Max plataforman (sarbidea dute, jakina asko, Iparraldeko irakurle/entzule/ikusle gureek baina baita ere, Bidasoa ibaiaren ondo-ondoan, oso hurbilean, bizi garen Hegoaldeko hainbatek) igo berri dute, bai alokatzeko (4,99 euro) bai erosteko (11,99) hemen zein galaxiako inperio guztietan horren sakon maitatzen dugun Jacques Audiarden Emilia Pérez marka eta definizio guztiez fuerakoa, aparta, sekulakoa, itzela; Oscarretako lehiarako entrenamendu urrezkoetan, planetan antolaturiko sari banaketa  denetan jaun (andre) eta jabe dabilena.

Orioko patroia den San Nikolasek, Laponiako Santak edo gure basoetan, lanean zela esanez firin-faran , ardotan, neskatan eta brometan jarduten zuen Olentzerok gutako askoren etxean utzitako erregalua izan denez, aukera ezin bikainagorik izan dugu extravaganza musikal horrekin berriro gozatzeko. Baita ere, ez Cannesen, ez Donostiako Zinemaldian, ez gure etxe ondoko pantailetan erreparatu ez genien hainbat kontu interesgarri antzemateko, ustekabe ederretan harrapatu gaituzten  datu andana batez ohartzeko ere.

Ez genekien edo, agian, filmak sorturiko eromena zela medio ez genion kasu handirik egin notiziyari, edo akaso seko ahaztu genuen hain luzez izan baikinen filmak sorgindurik, Maulen jaiotako Thomas Bidegain zuberotarrak lagundu ziola zuzendariari gidoia zehazten, taxutzen.

Lotsaz azaltzen dut hutsegite hori  zeren eta jakin beharreko kontua zen. Izan ere, horrenbestetan Miarritzeko Le Royal aretoan edo Baionako L´Atalanten antolaturiko aurkezpenetan eta eztabaidetan  parte hartu izan duen Thomas aspalditik da Jacques Audiarden kolaboratzailea. Zein pelikulatan? Ba, esaterako, Un prophète eta De rouille et d´os. Bidegain jauna Lorenzo Mattotiren La fameuse invasión des ours en Sicilie animaziozko lan bikainaren gidoigilea ere bada.

Munduko lau iskinetan ari dira Oscarretarako apustuak egiten. Arreta eman zigun jakiteak  Emilia Pérez ezingo dela jatorrizko gidoiaren sailean izan, sartu beharko dutela gidoi egokituen lehian. Ez genekien, baina orain jakitun gara eta liburua erosi berri dugu frantsesez Iparraldeko liburu-denda batean. Filma Boris Razonen Escucha kontakizunatik hartu zuen inspirazioa.

Beste zertzelada bat narko-thriller-queer opera ero eta igualik gabea den pelikula honen inguruan: ez nuen sekula pentsatuko Jean- Pierre eta Luc Dardenne anaiak Emilia Perezen ekoizpen lan eta afanetan ibiliko zirenik. Baina hor agertzen dira, kreditu tituluetan, biak ekoizle. Zergatik ez nituen irudikatzen behar horietan? Cannesen hamaika aldiz sarituak, bien zinemak (Tori et Lokita, La fille innconue, Rosetta, La promesse) aukera urri ematen baitu plazererako, zorabiorako. Bai, ordea, hausnarketarako, salaketarako…

Horiexek Karla Sofia Gasconek, Zoe Saldañak, Selena Gomezek  eta Adriana Pazek antzeztutako lana nire etxe barruko pantailetan izanda, jasotako ustekabe finak.

Beste ziento bat sorpresa jaso dut 2024 bere azkenetan zela eta 2025 jaio berria genuela ikusitako estreinako film bitan. Ankerra, zakarra, gordina , latza, ikaragarria, sexuz, drogaz, alkoholez gainezka den Luca Guadagninoren Queer horretan hainbestetan David Fincherrekin lan egin duten Trent Reznor eta Atticus Ross musikariek sortu egin dute soinu banda aparta. Bada bertan filmaren ikurra bilakatu den abestia, non Caetano Velosok parte hartzen duen. Izenburua nahi? Vaster than Empires, Inperioak baino zabalagoa. Zinez diotsuet, zera ematen du: zinema zutela buruan kantari izen hori jarri ziotenean.

Aholku/gomendio bat: eskatu Errege Magoei Sorrentinoren  Parthenope-rako sarrerak.  Baita Filmin plataformarako harpidetza ere. Horrela, Napoles hiriaren isla minez eta kariñoz jasotzen duen filma ikusi eta gero, dastatu ahalko duzue È stata la mano de Dio definiezina.

Ongi izan zuen etxe ondoko/barruko pantailen aurrean.