Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Pantailaz haragoko gizarte-fenomenoak

Begoña del Teso

Begoña del Teso

"Pídeme lo que quieras" Megam Maxwell izengoitiaz famatu den María del Carmen Rodriguez del Álamo Lazarok idatziriko zortzi liburuetako lehena egokitu dute Ivy Heshek, Vivian Dakotak eta Marina Martín Lagunak, eta Lucia Alemanyk zuzendu du filma.

Igual ez dituzu sekula entzun, sekula ikusi, sekula erosi, sekula irakurri, baina existitu existitzen dira. Harry Potterren liburuak existitu ziren legez. Konparazioa  ez da, beharbada, egokiena, J. K. Rowlingek sorturiko unibertsoak pareko gutxi duelako gure mitologia modernoan.

Agian hobe litzateke Stephenie Meyerrek eratu zuen Twilight/ Crépusculo/Ilunabarra saga aipatzea. Edo Anna Todden After. Bost liburuk osaturiko bilduma honetako kontrazalean hitz hauek agertzen dira: Amodio arriskutsua. Amodio matxinoa. Amodio infinitua. E.L Jamesen Fifty Shades of Grey/Cincuenta sombras de Grey/ Greyen Berrogeita hamar itzal ere ekar genezake lerro hauetara. Lasai asko, ohean menderatzaile nor eta mendekoa zein diren adostu ostean...

Zinema bilakatu aurretik milioika irakurle izan zituzten narrazioak izan ziren. Emakumezko hiruk idatziak, emakumeak zituzten, dituzte, helburu merkatuan. Azpigenero bat sortu dutenez, deitura propioa dute plazan eta aipaturiko merkatuan: chick flick. Ingelesezko adiera horrek, zaharmindua den 'nobela arrosa'rena gaurkotzen du, egun (lehen ez bezala) libre samar erabil daiteken porno bigunaz, oso bigunaz (ia beti sadomasokismo leunaz) zipriztinduz.

Liburu horiek guztiak zinemaratu dira (erreparatzeko moduko beste kontu bat, emakumezkoak dira hiru saga horien gidogileak eta zuzendariak), izugarrizko arrakasta lortuz, izar berriak (Kristen Stewart eta Robert Pattinson, esaterako) plazaratuz eta ikusle ezohikoak aretoetara erakarriz. Gogoan dut Crepúsculo-ko filmetara taldeka, koadrilan joaten zirela nerabeak eta, besaulki bananduta tokatuz gero, zoruan esertzen zirela korroan, gustura, algaraz, zizpurutan.

Aipaturiko hiru saga horien antzekoa da egunotan gure etxe ondoko zinema korrienteak betetzen dituen Pídeme lo que quieras. Megam Maxwell izengoitiaz famatu den María del Carmen Rodriguez del Álamo Lazarok idatziriko zortzi liburuetako lehena egokitu dute Ivy Heshek, Vivian Dakotak eta Marina Martín Lagunak (begi bistakoa da hirurak direla emakumeak) eta zinema egiten primeran dakien Lucia Alemanyk (emakumea hori ere) zuzendu du filma. Azpimarratzeko modukoa soinu bandaren konpositorea Vanessa Garde nafarra dela ere.

Estreinatu berri da, autorearen eta bere liburuak irakurtzen eta eztabaidatzen dituzten klub guztien bedeinkazioaz. Estreinatu berri da, eta aretoak mukuru betetzen dira. Neska gazteen koadrilez eta adineko andereen lagun-taldez. Mutiko edo gizonezko gutxi saloietan ( izatekotan, nobiak edo emazteak beharturiko baten bat) eta ezbaia sakon eta asaldatuak korridoreetan, beti aurkitzen baitute zerbait faltan…

Pelikula txukun baino txukunago da, eta merkatuaren arau guztiak betetzen ditu. Konkistatzen zaituen hori guapoa, aberatsa eta, kasu honetan, zure jefea da. Sexu kontuetan baditu apeta eta gustu  bereziak…. Joandako garaietan gertatzen ez zen moduan, zu, nahiz eta seko harrapatua sentitu bere beso artean, emakume askea zara, beren erabakien jabe izaten diren horietakoa . Bestalde,  ez zara, aspaldi-aspaldiko narrazioetan nola, neskamea, baizik eta Ekonomian graduatua….

Egiari zor, barregura sortzen dute  bai pertsonaiek bai egoera orok, bai sexu arineko jolas horiek  baina, aldi berean, interesgarria da Pídeme lo que quieras bezalako gizarte-fenomeno baten aurrean izatea. Azken finean, aitor dezagun,  oso jende gutxi sartu izan da sexu-bihurrikerietan Sade, Sacher-Masoch edo Bataille irakurriz. Gehienok hau bezalako pelikuletan jaso genituen lehenbiziko eskarmentuak. Gero gerokoa(k).