Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Oinak uretan, Deban irabazi

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Éloïc Gimenez Yoon zuzendariak sartu berri du Linkedineko bere curriculumean eta bere International Movie Data Base entziklopedia birtualean iragan larunbatean Deban jaso zuen saria.

Éloïc Gimenez Yoon zuzendariak sartu berri du Linkedineko bere curriculumean eta bere International Movie Data Base entziklopedia birtualean iragan larunbatean jaso zuen saria, sari arras preziatua ikusleek botoen bidez erabakia izan zelako. Baliteke Renneseko Zinemaldian jaso zuen Grand Prix hark baino sona txikiagoa izatea, momentuz, baina bere eta bere ekoiztetxearen zein konpainia banatzailearen webguneetan jarri izanak ederki asko erakusten du gustu handiz hartu/onartu duela ikurra, AnimaDebako ikusleek emandakoa. Ez da Éloïc Gimenez Yoonek eskuratzen duen goi mailako lehendabiziko onespena. Animaziozko beste film bat eta telesail bat ditu eginak. Lehenbizikoak, 2019koak, Haenyo, les femmes de la mer du izenburu, eta Hego Koreako Jeju irlako emakume itsaspekariei egiten die omenaldia, baita haien artean erabiltzen duten hizkera berezia aztertu ere, trazu eta  soinu ederren bitartez. Hitz gutxiko mintzaira misteriotsua dugu hura. Hain harrigarria emakume horien kultura osoa ezen Gizadiaren ondare immateriala izendatu baitzuten 2016an. Urteko hiru hilabete zehatzetan sartzen dira egunero urpean, eta zazpi orduz jardun arrantzan. Itsaspera joan aurretik, errezo egiten diote, babes eske, Jamsut  jainkosari. Tinta txinatarraz trazaturiko sei minutuko 2Dko marrazkien bitartez, Éloïcek misterioan sartzen gaitu eta gu ahoa bete arrain eta, ulertzen ez ditugun esaldien musikaltasunak sorginduta, belarriak bete hitz geratu, harridurak harturik.

Haenyo, les femmes de la mer ezagutzen genuenok ez gintuen ustekabean harrapatu Éloic Gimnez Yoonek Deban ikusleen ikurra jaso izanak. Hain da ederra, sotila, xuabea  Les pieds dns l´eau bere bigarrena! Senar-emazte edadetuen erretratua, oraingoan ere mugimendua hartzen duen tinta txinatarraz burutua. Ahanzturak setiatzen du, dagoeneko, emaztea baina oraindik ditu errekuerdo bizi hainbat, maite-maite duen senarrekin partekatzen dituena, biek oinak uretan dituztela…

Oinak uretan ez zen, jakina, AnimaDebaren XVII. edizioan ikusi zen labur bakarra, ezta saria bereganatu zuen bakarra ere. Goreneko errekonozimendu handiena eskuratu zuen Michael Granberryren Les Bêtes-ek , esaterako, mundu guztiko zinemaldiak korritu ditu eta denak zoratu. Definizio ahaleginetan, hiru Emmy sari dituen Michaelek zera dio: "Nire  lana poesia da. Baina ez poesia erromantikoa. Ez, nik gustuko dudan poesia, nik sortzen dudana slam (eragin anitzak eta oro, basatienak ere onartzen dituena) garage queer punk da". Hori kontuan harturik (Les Bêtes queer steampunk, garaje slam Erdi Aroko estilokoa baita, ez izan duda izpirik), epaimahai Debakoak Granberry jauna kondekoratu zuen. Arrazoi handiz.

Oinak izan genituen uretan, bai, egun askotan zehar Deban, euria barra-barra egin zuen eta, baina ez zuen inporta handirik. Apurka-apurka, merezi duen espazioa ari da okupatzen AnimaDeba animaziozko festibalen artean. Industria eta merkatuak ere begira ditu. Autoreek  jaso orduko sartzen dute beren curriculumean bertan hartutako ikurra…  Ondo doa dena, bai.

Ez ahaztu, AnimaDeba Donostiako Zinemaldia baino egun batzuk aurretik izaten dela. Donostiakoa, bai, non 20 bat film izango diren euskal zinemakoak.

Ez pentsa, baina, dena hor bukatzen denik. Urria dator irailaren ostean, eta urrian Sitgeseko bilkura fantastikoa dugu. Hiru hemengo ekoizpen izango dira bertan lehia bizian Rich Flu, Una ballena eta Daniela Forever. Katalunia aldera joaterik ez baduzue, ez egin negarrik, negua hasi baino lehen gurean izango baitira bueltan. Ordurako, akaso, izango ditugu guk elurretan oinak.