Itxi

Bake prozesua

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bildu ere barkamena eskatzera deitu du Aresek

Erredakzioa

Otegiren hitzak ''bere egin'' eta ''barkamen eskaera argia'' egitea eskatu dio Laura Mintegi hautagaiari PSE-EEren kanpaina arduradunak.

02:24
EH Bilduri Otegiren

Arnaldo Otegiren hitzak ''bere egin'' eta ''barkamen eskaera argia'' egitea eskatu dio Laura Mintegi EH Bilduko hautagaiari Rodolfo Ares PSE-EEko hauteskunde kanpainaren arduradun eta Herrizaingo sailburu ohiak.

Radio Euskadiko ''Boulevard'' saioan egin ditu adierazpenak. Batasuneko bozeramaile ohiaren barkamen eskaera ''20 urte berandu'' datorren arren, ''zintzoa'' izatea espero duela esan du Aresek, eta ez ''hauteskundeei begira jarritako amua''.

''Politika jardunean'' EH Bilduk adierazpen horiek ''bere egitea'' espero du Aresek, eta, halaber, ''koalizio horren parte handi bat den Batasuneko munduak hanka sartze oso handiak egin zituela onartzea''.

Horren ildoan, Aresek gogoratu du ezker abertzaleak ''indarkeria terrorista babestu eta justifikatu'' zuela, eta ''sufrimendua sozializatzen lagundu'' zuela.

''Beraz mina egin zutela onartu behar dute; eta are garrantzitsuagoa dena: konpromisoa hartu behar dute adierazpenetan esan dutena praktika politikoan jorratzeko'', gaineratu du Aresek.

Hauteskundeak
Ezker abertzalearekin ''mundu bateko aldea'' dutela berretsi du PSEko ordezkariak. ''Independentziaren aldeko apustua garbia egiten dute, eta guk ez dugu horrekin bat egiten'', esan du.

Ekonomia
Eusko Legebiltzarrak fiskalitate mailan ''jarduteko ahalmena'' izatearen alde egin du Aresek. Jaurlaritzak Euskadiko erakundeen aurrekontu osoaren % 70 kudeatzen duen neurrian, ''erabat beharrezkoa da'', Aresen hitzetan, Jaurlaritzak diru-sarreretan ere ''zeresana'' izatea, eta ez bakarrik gastuan.