Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Eta hizkiak zinema sortu zuen

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Zinez diotsuet: zineman letrek, hizkiek, badute garrantzi nahitaezkoa, esanguratsua. Zirt edo zartekoa. Hasiera-hasieratik. Zinema sortu zenetik.

Baliteke pentsatu ez izana. Erreparatu ez izana. Litekeena da begiratzeko ardurarik hartu ez izana. Baina zinez diotsuet: zineman letrek, hizkiek, badute garrantzi nahitaezkoa, esanguratsua. Zirt edo zartekoa. Hasiera-hasieratik. Zinema sortu zenetik. Gogoan soinurik ez zuten pelikuletako irudien arteko kartel dotore haiek? Kaligrafia ederraz ziren bertan azalduak elkarrizketak eta argudioaren zertzeladak…

Letrak bai. Hizkiak bai. Zinema ez dago bakarrik zeluloidez edo materia digitalaz egina. Zinema letraz da egina.  Hainbat eta hainbat autoreren lanak ziztu batean errekonozitzen ditugu afixa detektatu orduko. Kartelaren estiloak, letren itxurak, irudien, marrazkien eta silueten arteko espazio zuriek, koloreek… Denak ohartarazten digu egilea nor den.

Ekarri pentsamenduetara Almodovar, kasurako. Ez esan itxura hartzen ez diezuenik bere pelikula guztiei karteletik beretik.  Bai, ezta? Zergatik? Ba, lehenik eta behin, tipografia dela eta. Har dezagun Mujeres al borde de un ataque de nervios. Kontu handiz aukeratu zituzten Pedrok eta bere bihotzeko diseinatzaileak, Juan Gattik, afixaren letrak. Izan ere, garai hartako 'emakumeentzako' aldizkarienak, prentsa arrosarenak, erabili zituzten eredu gisa, hain zuzen ere.

Ba al du izenik tipografia horrek? Jakina:  Bauer Bodoni. Eta ez  da hain gaur egungoa, ez pentsa. XVIII. mendean Gianbattista Bodonik asmaturiko letrak dira…

Mujeres al borde de un ataque de nervios-ekoak aspaldi samarreko kontuak dira. Erreparatuko al diogu, esaterako, Yorgos Lanthimosen azken aurreko balentriari, Poor Thing / Pobres criaturas horri? Vladimir Radibratovic diseinatzaile serbo-kroaziarrak sortutako letraz da egina afixa, dira eginik kreditu tituluak. Eta Radibratovicek, hain zuzen, Kubricken hainbat karteletan edo karteletatik jaso zuen inspirazioa. Poor Things horretan zehar, letra horiek pantaila hartzen dute, beren itxura luzanga gero eta nabarmenago zein eszentrikoago bilakatuz

Almodovar, Lanthimos… Pausa dezagun begirada klasiko batengan. Woody Allenek urteak eta  pelikulak eman ditu Windsor letra mota erabiltzen. Hollywoodek aspalditik maite duen hizkia da: elegantea, soila, ezer ez du soberan eta atsegina suertatzen da ikuslearen begietarako. 1905ean sortu zuen Eleisha Pecheyek…

Ez esan Sofia Coppolaren Priscilla filmaren letren itxura gogoan ez duzuenik. Bai! Nola ez? Hain historia handia duen Klunster Script izenekoarekin moldatu zen, ederki asko, Lost in Translation-en egilea. 1902an zen asmatua eta jatorrizko hizkuntzan, zera esan nahi du bere adierak: artisten eskuzko idazkera…

Askoren artean, nabari nabaria, begi bistakoa da Wes Andersonen estilo bisuala, hain geometrikoa, hain matematikoa, hain arrazionalista. Manera horiek lortzen eta finkatzen, laguntzaile bikaina izan du beti El Gran Hotel Budapest-eko sortzaileak. Jessica Hische du izena adiskide horrek eta lettering (hizkiak marrazteko artea, hots)-eko artista  da, artista fina. Wesek eta Jessicak Futura letra maite dute. Biziki. Oso funtzionala da. Oso geometrikoa. Oso modernoa. Alta, Annie Atkinson diseinatzaile grafikoarekin lan egiten duenean, Wesek letra mota aldatzen du, eta Archer aukeratu. Xarma berezikoa da  eta, adituek baieztatu dutenaren arabera, sinesgarritasun moduko bat  ematen  die  kreditu tituluei.

Bere Anora-k ez du oraindik estreinatzeko eguna finkatua Euskal Herrian, baina Cannesen Urrezko Palma eskuratu zuen Sean Baker maitatua beti da leiala eta fidela Aguafina Script izeneko letrarekin. Bere lan guztietan –The Florida Project, Tangerine, Red Rocket– erabili du. Anora-n ere bai. Esanguratsua, akaso, zera… bere filmetan Seanek ardura berezia hartzen du gizarteak bazterturiko jendearekin. Ez da harritzekoa, ba, bere mezuak  helarazteko hautatzen dituen letrak copyright-ik, egile-eskubiderik, ez izatea. Dohainik, debalde aurki daitezke eskuragarri  Google Fonts- katalogoan.

Ikusten? Zinema ez da soil-soilik irudi eta hitz kontua. Letrek ere badute inporta.