Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Macronen alderdiaren porrota eta eskuin muturraren garaipena

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Frantziako hauteskundeen lehen itzuliak argi utzi du Macron presidenteak eskuin muturrarekin, lehen itzulian garaile atera den Bilgune Nazionalarekin, edo ezkerreko Fronte Popularrarekin gobernatu beharko duela.

Argi geratu da, Frantziako hauteskundeen ondoren, Macronen alderdiak Parlamentuko gehiengoa galduko duela eta eskuin muturra edo ezkerreko koalizioa izango duela datorren gobernuan. Le Pen-en Bilgune Nazionalak botoen % 34 lortu du eta Fronte Popularrak, ezkerreko koalizioak, % 28.

Iturri ezberdinek historikotzat jo dituzte hauteskunde hauek frantsesei zalantzaz betetako etorkizuna zabaltzen zaielako.

Bi alderdi politiko izan dira hauteskunde hauetako galtzaile nagusiak. Alde batetik, Macronen alderdi zentristak botoen % 20 baino ez du lortu. Bestetik, eskuineko alderdi tradizionalak, Gaullisten oinordekoa den Alderdi Errepublikanoak, botoen % 10 besterik ez du lortu; erabateko porrota.

Hala ere, bi indar hauek daukate giltza bigarren itzulira begira. Ez batak ez besteak ez du oraindik boto agindu garbirik eman. Gobernuko ministro batzuk azpimarratu dutenez, eskuin muturrari botererako ateak itxi behar zaizkio, argi esan gabe Fronte Popularrari botoa emateko. Ostera eskuin tradizionalak ezkerrari, Fronte Popularrari, ateak itxi behar zaizkiola ere esan du, garbi esan gabe eskuin muturrari boto emateko.

Parlamenturako hauteskunde sisteman boto gehien atera dituzten hiru alderdiak doaz bigarren itzulira. Hauteskunde barruti bakoitzean diputatu bana aukeratzen da. Hirugarrena erretiratu daiteke lehenagoari edo bigarrenari mesede egiteko. Datorren astearte arte ez da jakingo zein barrutietan hirugarren hautagaiak erretiratuko diren, eta kasu horretan norentzako eskatuko duten botoa.

Bigarren itzulian argitu beharko den beste zalantza bat izango da irabazleak gehiengo nagusia izango ote duen ala ez. Marine Le Penek dei egin die frantsesei bigarren itzulian gehiengo nagusia eman diezaioten. Jordan Bardellak ere hala adierazi zuen duela egun batzuk, hurrengo gobernuan izan daitekeen eskuin muturreko lehen ministroak: ez omen du kargua onartuko gehiengo absolutua ez badu.

Askok berari egotzi diote eskuin muturraren gaurko garaipena hitzak kontuz erabili dituelako frantsesen gaitzespena ez eragiteko: Pentsioen erreforma atzeratu egingo duela esan du. Etorkinen kontrolean eta bizitza kostuan zentratu ditu bere mezuak.