Itxi

Begoña del Teso

Sindaura

Hamazazpigarrenean garenez, Fernanda eta Bernarda

Begoña del Teso

Begoña del Teso

'(Sittin' On) The Dock of the Bay' da kantua, eta Dock of the Bay du izena Donostian egunotan martxan den zinema eta musika bilkurak.

Bada gurean, Bilboko FANT, Bilboko Zinebi, Bilboko Zinegoak, Donostiako Zinemaldia, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldia eta Miarritzeko Festival Amérique Latine ez den beste zine jaialdi bat, mugimendua duen irudia eta musika uztartzen dituena, musikaren gaineko dokumentalez elikatzen dena. Dokumentalez, kontzertuez eta mahai inguruez. Baita  areto mitikoetan ospatzen diren festez eta gaupasez. Aurtengoa zaleekiko hamazazpigarren topaketa da, eta, ohikoez aparte (Diputazioa, Udala, Kutxa, Tabakalera…), mundial samarrak babesleak, hala nola Le Bukowski eta Gastro Reggae lokalak, La Bodeguilla taberna, Sade enpresak kudeaturiko zinema saloiak, perfekzioa bilatzen ez duten ardoak sortzen dituzten Manim mahastizainak, Basqueland garagardogileak, Granadako Jóvenes Realizadores zinemaldi aparta, Super Amara supermerkatuak, Diego Besne ilustratzailea eta beste antzeko-parezido batzuk, mundu ofizialaren ertzetan aise eta animos dabiltzanak.

Izen polita du ekainaren 22an  bere akaberara iritsiko den jaialdi honek, Otis Reddingen abesti batetik hartutakoa. Seguru zuetako askok ezaguna duzuela: Sittin' in the morning sun / I'll be sittin' when the evening comes / Watching the ships roll in / Then I watch them roll away again, yeah (Goizeko eguzkitan naiz eserita. Eta eserita jarraituko dut arrats behera arte, itsasontziak nola joaten diren begira;  itsasoan barna joaten begira, bai…).

Bai, horixe, berorixe, '(Sittin' On) The Dock of the Bay' da kantua, eta Dock of the Bay du izena Donostian egunotan martxan den zinema eta musika bilkurak.

Eklektiko eta librea zeharo, ezeri ez dio muzin, uko egiten. Nahikoa duzue programazioari gainbegirada botatzea gezurretan ez naizela egiaztatzeko: Bad Like Brooklyn Dance Hall-ek Jamaikatik New Yorkera jo zutenek sortutako  musika, dantzak eta inguruabarrak  esploratzen ditu; Tribeca zinemaldian izan zuen estreinaldi oihartzun  handikoa, eta Dock of the Bay aurterngoa ireki du; Naturaleza Morta-k,  Subterfuge diskoetxe arras garrantzitsuak sostengatu zuen Mallorcako Sexy Sadie taldearen berri mingotsa ematen du, partaideek 90eko hamarkadan denen eskuetan ziren kamera batzuek, egun antigoalekoak diruditen horiek, alegia, jasotako irudi zakarren bitatez. This is a Film About The Black Keys-ek  kaminoetako filma (road-movie horietako bat) ematen du, road-movie bastante zikina, hautsez beterikoa. Bertan, Ohioko Akron hiri kasik abandonatuan sorturiko talde arraro baina arrakasta itzeleko baten erretratua egiten da. Inoren aurrean ez ziren inoiz makurtu, ez, Dan eta Pat, filmaren protagonista psikotiko nahikoak… Fernanda y Bernarda zeharo proposamen ezberdina izan dugu ostegunean, igualik, berdinik, parekorik izan ez duten eta izango ez duten Utrerako bi emakume kantaoren potreta markaz fuerakoa egiten du Rocio Martinek pelikula honetan, miresleen aitorpenaz eta aitortzaz betea den honetan, non agerian geratzen den Aretha Franklinekin eta Billie Holidayekin  konparatzea ez dela, inolaz ere ez, gehiegikeria galanta.

Dock of the Bay ez da oraindiño bukatu, amaierarako gorde dute harribitxi egundokoa: Cindy Lauper: Let The Canary Sing, ondradu eta basa, onest eta queerra den beste zinema puska bat. Oh, yeah, arrats beheran naiz eserita, irudiak pasatzen ikusten…

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Begoña del Teso