Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

"Emilia Pérez", mugarik gabeko herri batentzako komedia musikala muga guztietatik at

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Mexiko, bere, gure, inoren baitan ezin hartuzko  lurra. Ez da inolaz ere harritzeko moduko kasualitatea hauteskunde kanpainan zirela, Cannesen  Jacques Audiarden Emilia Pérez filma estreinatu izana.

100 milioi  mexikarrek eman berri dute botoa euren herrialdean, esaldi zahar eta begiz jotakoak ederki asko islatzen duen ez hasierarik ez azkenik ezagutzen ez duen euren lur horretan. Esaera mitiko horrek zera adierazten du aspalditik, Ameriketako Estatu Batuetatik hurbilegi eta Jainkoarengandik ('Jainkoengandik', pluralean, idatziko nuke nik,  mexika, azteka eta maia herrien goiko Jaun eta Andreei merezitako adorazioan) urrunegi dela, herrialdea bainoago, unibertso oso bat osatzen duen infernuzko paradisu hori.

100 miloi mexikarrek eman berri dute botoa. 20.000 hautagairen artean ardura zeintzuek izango duten Administrazio sail guzti-guztietan erabaki berri dute, amildegi ororen aurrean izan arren ertzik ez duen herri hartan, non Heriotzak (askok gurtzen duten Herio Santu hori) bat egiten duen Bizitzarekin, non hauteskunde kanpainan ari zirelarik 30 politikari hil dituzten sikarioek.

100 milioi gizakik eman dute botoa errealismo magikoak bortitz zipriztinduriko 31 estatutan banaturiko errepublikan. Emiliano Zapata, Pancho Villa, gerrara joan ziren 'Adelita' guztiak, maskaradun santu borrokalari denak, Diego Rivera, Frida Kahlo, Chavela Vargas, Trotski bera ere bizi izan ziren lur horietan. Ez dirudite orain hezur-haragizko izakiak, mito bihurtu direlako eta etxeko aldare pribatuetan egiten diete askok errezo, Mexikon, jendearen estimu zerutiarra jaso ahal izateko ez baita  ezinbestekoa Aita Santuak kanonizatua izatea.

100 milioi boto emaile. 20.000 kargurako. 30 hildako. Eta Mexiko bezalako munstro-suge-mugaz fuerakoa gobernatzeko zeinek  jaso agindua eta, estreinakoz, emakume batek; ezkertiarrak, Claudia Sheinbaumek.

Zientzialaria da. Judua. Lituanian eta Bulgarian ditu erroak. Mexiko Hiri erraldoiaren gobernaria izan da. Ingeniaria, klima aldaketari lotutako larrialdian egin ditu ikasketa eta ikerketa handiak. Egun,  goi mailako zientzialari aurrerakoi biren alaba den Claudiari herriak esan dio bera dela Mexikoko gidari berria.

Mexiko, zinemari dagokiola, Guillermo del Toro, Alejando González Iñarritu, El Indio Fernandez, Dolores del Rio, Lupe Vélez, Alfonso Cuaron, Tatiana Huezoren aberria.

Mexiko, bere, gure, inoren baitan ezin hartuzko  lurra. Ez da inolaz ere harritzeko moduko kasualitatea hauteskunde kanpainan zirela, Cannesen  Jacques Audiarden Emilia Pérez filma estreinatu izana. Sorpresaz, adierazi ezinezko ustekabean harrapatu zituen jendea, jendetza, epaimahaia. Alta (edo sorpresa dela eta), jasotako sariak ia denok genituen onartu, denak merezitakoak zirelako. Bai Karla Sofia Gascon, Zoe Saldaña, Selena Gomez eta Adriana Paz  aktoreei eskainitakoa bai zuzendariak berak alegrantzia handiz onartu zuena, Grand Auditorium Lumièreko agertokian.

Ez eskatu niri Emilia Perez definitzea, azaltzea, kontatzea. Komedia da. Musikala. Existitzen dira, ezta, narko korridoak, mexikar peto-petoa den genero musikalaren adar  bastante berria... Ohiko, betiko, mila aldiz abesturiko kanta tradizio handiko horien aldaketa oraingoak ditugu narko korrido horiek, droga mundua menderatzen dutenen balentria bortitzak kantatzen dituztenak.

Ba Emilia Pérez narkomusikaltzat jo genezake, atrebimendu osoz  bertan trafikatzaile handi baten abenturak kontatu/kantazen dira eta. Urrutiago, oso urrutiago, joatea ez litzateke txarto, egokia baizik. Urrun, urrun eta urrunago. Esan badugu Mexiko errealismo magikoak laztanduriko (baita erasoriko) lurra dela, inolako kezkarik pe aldarrika dezakegu gauza bera pelikula honetaz. Bertan, 'Manitas' izengoitiaz ezaguna den narko ahalguztiduna sexuz aldatuko da, eta Emilia Perez bihurtuko. Izaera berri honekin, Mexikon desagertuak diren milaka gizakien bilaketan lagunduko ditu tristeziak harrapatutako ziento bat senide….

Ezin gehiago kontatu/kantatu/dantzatu ezin besarkatuzkoa baita filma, mugarik ezagutzen eta markatzen ez duen bere jatorrizko herrialdeari horren ondo, ezin hobeto, egokitzen zaion zinema puska hori. Emilia Pérez. Gurean estreinatzerakoan ikusiko duzuena ezin sinetsi izango zarete. Liluraturik. Harriturik. Pasioak harturik.