Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Kamerek dir-dir egin zuten Cannesen

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Egun eta gau iskanbilatsuak, bai, 2024ko hauek, ederki dakizuen bezala. Ezer ez da ezinezkoa Zinemaren Joko Olinpiko hauetan.

Kalapita handia aurten Canneseko bazterretan, baita egunero aldatzen den alfonbra gorriaren gainean ere. Ez, zinemaldiaren ikurra den oihal hori ez dute gaueko/goizeko ordu txikietan eskobatzen edo xurgagailu robotikoa pasatzen. Ez, argia urratu orduko, jaialdiak irauten duen 15 egun guztietan, prekarietate gorrian lanean diharduten beharginek jasotzen dute 80 kiloko  alfonbra famatua eta berria jarri.

Egun eta gau iskanbilatsuak, bai, 2024ko hauek, ederki dakizuen bezala. Protestak deitu dituzte hainbat eta hainbat kolektibok. Frantziako Me Too mugimenduko izenik ospetsuenek eta, justu, jaialdian, ezkutuan, komunak, korridoreak eta aretoak garbitzen, zaborrontziak husten  eta konponketa txikiak egiten  orduak ematen dituzten aipatu langile horiek, dauzkaten lan baldintza eskasak salatu dituztenak. Denek dakite Cannes bezalako pantailarik, pankartarik, erakusleihorik, bozgorailurik  ez dela. Eta, arrazoi eta eskubide osoz, abaguneaz baliatzen dira euren erreklamazioak ozen aldarrikatzeko…

Halarik ere, hain da erraldoia Canneseko tamaina, neurria (ez naiz fisikoaz ari) ezen dena gerta daiteke aldi berean eta leku berean: manifestazioak, poliziarekiko talka, izarren amorrua eskaileretan, akreditatuen tirabirak aretoetan lekua lortu ahal izateko, paperezko egunkariak ozenki saltzen dituzten langile prekarioen joan-etorriak La Croisette pasealekuan barna eta…. oraindik kasik existitzen ez den teknologiak sorturiko azken zinema kamera batzuen aurkezpen goi mailakoa. Horren goi mailakoa ze Carlton eta Majestic bezain luxuzkoa den Martinez hotela (La Croisetteren beste puntan dagoena, hots) erreserbatu baitzuen Sony konpainiak horretarako.

Bai, hilaren 16an izar bakar bi ziren Martinezen saloi eleganteetan: Venice 2  eta Burano izeneko zinema kamerak. Horien adoraziorako ziren elkartu sona handiko argazki zuzendari eta teknikari digitalak, hala nola Paddington eta Maléfica filmetan esku hartutako Adam Shell eta Civil War zein Mission Impossible: Fall Out argiztatu dituen Rob Hardy maisu berdingabea.

Ikaragarriak dira laster merkaturatuko  diren bi kamera horien ezaugarriak, objektiboa dute inoiz eta besteek baino zabalagoa, gauza dira filmaketa anamorfikoa (aspaldi zaharrean Piero della Francesca pintoreak perspektiba inguruko ikerketetan ari zela azaldutako prozedura, gure begiak gozo engainatzen dituena…) ahalik eta hobekien lortzen. Barruko grabaketarako aukera markaz fuerakoa izanda, kolore guztien  ñabardura oro harrapatzen du leiarrak, lenteak…

Horrelako zertzelada teknikoez aritu ziren adituak, adoratzaileak Martinez hotelean,  champagne fineko kopak eskuan zutela. Luze mintzatu ziren, itsasora begira balkoian, karelean, aurrerantzean ekoizpen birtualetarako nahitaezkoa suertatuko den Crystal Led pantailaz eta PVM-X3200 edo LMD-A180 monitoreez ere.

Festa bat izan zen 16ko hori. Festa teknikoa, gama altukoa. Urguilu handiz aipatu zuten Sonyko nagusiek Cannesen lehian borrokatzen duten filmen artean zeintzuk izan diren euren kameraz filmaturik. Esaterako, Kevin Costnerren Horizon, An American Saga edo Leos Caraxen  C´est pas moi.

Topa egiten ari zirela, Croisettetik pasa ziren, protestan, zinemaldiko langileak. Sonyren gonbidatu batzuek, aurkezturiko kamera horiek hartu eta filmatu…

Handik egun gutxira, Canneseko alkateak prentsa atzerritarra hartu zuen Probentzako erara prestaturiko hamaiketako batean. Hantxe ere, Suquet auzo historikoko txokoetan, aldarrikapen eta pankartak

Bai, ezer ez da ezinezkoa Zinemaren Joko Olinpiko hauetan.