Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Izan zaitezte ekoizle

Begoña del Teso

Begoña del Teso

Aldatu dira formatuak. Aldatu dira euskarriak. Aldatu dira ikusleon usadioak. Aldatu dira pantailak. Baina zinemak hortxe darrai, gure etxe ondoko areto korrientetan zein luxuzkoetan; gure etxe barruko pantaila harrigarrietan.

Joan den mendean, The Cook, The Thief, His Wife & Her Lover edo Drowing By Numbers igualik ez duten film estrainioen autorea den Peter Greenawayk temoso aldarrikatzen zuen Zinema, Zinematografoa, hilik zegoela. Engainatu zela aspaldian egiaztatu dugu. Izan ere, egunero, pelikulero,  baieztatzen dugu zinemak bizirik dirauela. 

Aldatu dira formatuak. Aldatu dira euskarriak. Aldatu dira ikusleon usadioak. Aldatu dira pantailak. Baina zinemak hortxe darrai, gure etxe ondoko areto korrientetan zein luxuzkoetan; gure etxe barruko pantaila harrigarrietan. Gaur, iskinetan dugu eskura zinema; poltsikoko gailuetan, ohikoak ez diren zinema zirkuitoetan ere bai.

Egun, zure begiko filmaren ekoizlea ere izan zaitezke. Nahi izanez gero. Dirutza ordaindu gabe. Buruhausterik gabe. Are gehiago, oraindik existitzen ez den, oraindik filmatzen ari diren, pelikula baterako sarrera eros dezakezu. Ez esan polita ez denik. Ziur The Draughtman´s Contract sinatu zuen Greenawayk sekula ez zuela horrelakorik irudikatu. Bai, ordea, egunotan, arras eta mimoz zaharberriturik Cannesen aurkeztuko den Montxo Armendarizen Tasioren protagonistak, Patxi Bisquertek, hots.

Argentinatik bueltatu berria da La fuga de Segovian parte hartu zuen Patxi, eta hemen jarraitzen du Ombuaren itzala izenburua izango duen lanaren azken-aurreko planoak egiten; bera errealizadore, Javier Bilbao argazki zuzendaria lagun duela.

Ombuaren Itzala-k munduak korritu zuen Pello Mari Otaño bertsolari-poeta-euskaltzalearen berri, berri ederra, emango digu. Filmak ez du ekoiztetxe erraldoi baten ez sostengua ez bermea, baizik eta hamaika udaletxe eta erakunderena. Izan ere, auzolanean  egindako pelikulatzat jotzen du Patxik. Ez bakarrik 125 herri txikiren  atxikimendua lortu dutelako, baizik eta ehundaka lagunek 10 euro jarri baitute estreinaldirako sarrerarik gabe ez geratzearren. 10 euro horiek jarrita, tiketa erosteaz gain, munduan barna ibiliko den filmaren ekoizleak bilakatu dira. Hala eta guztiz, 700.000 euroko aurrekontua ez dago biribildua; 100.000 falta dira. Cannesen daudela, Ombuaren itzalaren patua bere gain hartuko duten hainbat finantziazio berri lortzen saiatuko dira, baina ateak eta diru-zorroa irekirik daude sarreraren bidez laguntza eskaini nahi duten guztientzat.

Ikusten? Mister Greenaway tronpaturik zegoen, seko. Zinema ez da hil, eraldatu baizik. Denok izan gaitezke ekoizle. Orain arte, zinema produzitzen zuten handikiek Canneseko hondartza pribatuetako terrazetan sinatzen zituzten burutu gabe ziren pelikuletarako kontratuak, Negroni koktel baten tanttek bustiriko ezpainzapietan. Gaur, berdin joka dezakezu, harro eta fier, poltsikoak duzun app baten bitartez.

Ekoizlea izateaz gain, banatzailea ere izan zaitezke. Baita zinema-programatzailea ere. Edo estreinaldi batean zeremonia maistra/maisu.  Ombuaren itzala ohiko zirkuitoetara iritsiko da eta ohiko aretoetan  estreinatuko, ez izan dudarik. Baita ohiko jaialdi garrantzitsuetan ere. Hasierako emanaldiak, baina, ezohiko pantailetan izango dira. Estreinaldi ofiziala, ofiziala eta emozioz betea, Pello Mari Otaño eta Patxi Bisquerten beraren jaioterria den Zizurkilen izango da. Bertan, ez ahaztu, Pelloren lehengusina finaren izena du herriko liburutegiak. Izan ere, Plazida Otaño bertsolari bikaina zen eta berea, Wikipedia euskarazkoak esanda, ezagutzen den emakumeen lehen bat-bateko bertsoa.

Horren estreinaldi bereziaren ondoren, pelikula lagundu duten 125 erakunde, herri handi eta herri txikietan izango da ikusgai. Alokatuko dira zinemagintzan ibiltzen diren enpresa batzuen salak eta irekiko tokian tokiko kultura etxe eta zentroak. Gerta liteke ,uda partean, aire librean  ere emanaldiak izatea. Gauean. Izarpean. Plazan. Hondartzetan, akaso…

Peter Greenawayk baleki… lotsaz onartu beharko erraturik zela.  Cannesko festa mugarik gabea hastear den honetan, zinema bizirik da, eta ez du bere buruaz beste egiteko asmorik… Ombuaren itzala gurera heldu arte eta Kosta Urdinaren bidean ez bazarete, ikusi, sin falta, Andrea Jaurrieta eta Patricia Lopez Arnaizen Nina.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Begoña del Teso