X-olatzarrieta-X
KRONIKA
Errepublikanoen jaia euri eta haizepean
Olatz Arrieta
- New York -
Tampa, jubilatuen eta eguraldi eguzkitsuaren hiriak aterkiekin eman dio ongietorria alderdi Errepublikanoaren batzarrari.
Tampa, jubilatuen eta eguraldi eguzkitsuaren hiriak aterkiekin eman dio ongietorria alderdi Errepublikanoaren batzarrari. Isacc ekaitzaren ondorioz batzarren programan aldaketa ugari egin behar izan dituzte eta kalteak eragiten baditu beste estatuetan aldaketa are gehiago egin beharko dituzte. Aste guztirako euria iragarri dute, beraz zaila izango da hondartza edo hoteletako igerilekuetara joatea hitzaldien artean. Tampa Bay Times Forum, polikiroldegian egingo duten batzarraren helburua dena den ez dute aldatu: Mitt Romney botoemaileei berriro aurkeztea, bere mezua pakete berri baten saltzea alegia.
Tampako batzarra, alderdien konbentzio guztiak bezala, Etxe Zurirako hautagaia botoemaileei berriro aurkeztea izaten da. Mitt Romneyk ezinbestekoa du aurkezpen berri bat. Uda j¡hanka sartzeak egiten eman du eta Barack Obamak aurrea hartu dio inkestetan. Gainera demokratek Romneyren inguruan zabaldu duten mezu ezkorra da nagusi komunikabideetan, Romney estatubatuarren kezka nagusietatik oso urrun dagoen hautagai dela dioen mezua alegia. Errepublikanoek zabaldu nahi duten mezua hauxe da: Klase ertaina eta enpresa txikiak, Obamaren politika ekonomiko kaltegarrietatik salbatuko dituen gizona dela Romney.
Aste guztian zehar, Tampa, Estatu Batuetako politikaren "zero gunea" izango dela diote hemengo komunikabideek. Bistan da kaleetan halaxe dela. Dendak, jatetxeak eta hotelak politikaren munduan mugitzen diren milaka pertsonez beteta daude, barne hauteskundeetatik atera diren delegatuak, lobby guztietako ordezkariak, Estatu Batuetako txoko guztietako politikari errepublikanoak eta mundu guztiko komunikabideak. Eguraldi zatarra dela eta botak eta euripeak aurkitzea zaila da, eta asko txankletekin plisti -plasta dabil kaleetan. Tampa Bay Times Forum eraikinean sartu ezin diren gauzen zerrenda: aterkiak.