Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Bi urtetan suntsipen ikaragarria eragin du gerrak

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Bi urtetan suntsipen ikaragarria eragin du gerrak

Errusiaren erasoak kalte eta jazarpen ikaragarriak eragin ditu Ukrainan. Gerrak bi  urtetan utzitako hondamendiari begiratuz gero, Moskuren helburua, gauza guztien gainetik, herrialde hau erabat hondatzea izan dela ondorioztatu daiteke.

Erasoak utzitako hondamendia eta basakeria Bigarren Mundu Gerrak Europan utzin zuenetik ez zen ezagutzen.

Munduko Bankuak, Europar Batasunak eta Nazio Batuek argitaratutako txosten batek ondorengo datuak kaleratu ditu: hamar urtez Ukrainak 447.000 euro beharko ditu Errusiak eragindako kalteak konpontzeko.

Hildako kopuruari dagokionez, ez dago argi zenbat diren Errusiaren erasoen eraginez hildakoak. Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Komisionatuak kopuru hauek eman ditu ezagutzera: 10.328 hildako zibil eta 19.659 zauritu. Benetako zifrak seguruenera altuagoak izango dira.

Aldi berean, bai Kievko gobernuak eta baita Nazio Batuek ere oztopoak dituzte Errusiak dituen lurralde okupatuetan izan diren hildakoak zenbatzeko. Setiatutako Mariupol hirian bakarrik, hildakoen kopurua dozenaka milakoa da, satelitez hartutako irudietatik ondorioztatu daitekeenez.

Biktima zibilei gerrako bi aldeetan hildako soldaduen kopurua gehitu behar zaizkie. Ukrainaren bertsioaren arabera, 407.240 soldadu errusiar ezabatu dituzte. Mendebaldeko iturriak zuhurragoak dira. Erresuma Batuko iturri militarrek esan dutenez, berriz, hildako eta zauritutakoen artean 350.000 soldadu errusiar daude.

Otsailaren 21an BBCko errusiar hizkuntzako zerbitzuak eta Mediazona talde errusiarrak jakitera eman zutenez, beren izenekin, 45.000 hildako soldadu errusiar identifikatu dituzte. Hileta liburuetan bi urte hauetan erregistratutakoak eta identifikatutakoak jasotzen dira, baina hildakoen benetako kopurua  azkoz handiagoa izan daiteke.

Ez dago argi ezta ere, zenbat soldadu ukrainar hil diren. Abuztuan New York Times egunkariak argitaratutako datuen arabera, 70.000 soldadu hil dira, eta 100.000 eta 200.000 artean zauritu dira.

Kalte materialak kontutan hartuz, 250.000 etxebizitza suntsitu dituzte bi urte hauetan. Eta horrez gain, beste 426 ospitale eta 1.300 osasun zentro desegin dituzte Ukrainan.

Erasoak Munduko Bigarren Gerraz geroztik ezagutu ez zen errefuxiatu kopurua eragin du. Sei milioi ukrainarrek Europar Batasunera ihes egin dute. Beste zortzi milioi desplazatu daude Ukrainan bertan.