Itxi

Begoña del Teso

Sinadura

Jolastu, jokatu… beste batena egin

Begoña del Teso

Begoña del Teso

To  play. Jouer. Jolastu. Joko egin.Arriskatu… Hortxe aktoreen ofizio, debozio, madarikazio eta bendizioa.

Euskara inguratzen duten hainbat hizkuntzatan, ez diote antzeztu deitzen tauletan, oholtzan, kamera aurrean aktoreek egiten duten horri. Ezta interpretatu ere. Baten papera egin ere ez. Ingelesez  to play esaten dute. Frantsesez, berriz, jouer. Bi mintzaira horiek aspaldi-aspaldian hartutako erabaki horrek begi bistan uzten du zelako harremana edo zelako ideia zuten, duten antzerkiarekiko, zinemarekiko beren hiztunek.

Bietan, aktore baten eginbeharra jolastzat hartzen da aktore baten eginbeharra, jokotzat. Antzezleek jolastu egingo dute besteek  asmaturiko, sortutako, amesturiko, idatzitako, filmaturiko hitzekin, irudiekin, pertsonaiekin, pasadizoekin. Bai tragedia moduan, bai komedian daudelarik.

To play. Jouer. Jolastu. Jokatu, joko egin Azken finean, antigoaleko poeta batek zioen legez, antzerkia fartsa, amarru, engainua baino ez da. Baina a zer gezur deliziosoa  oholtzan edo kameraz beste aldean daudenek eskaintzen digutena. Eta zelako plazer handiz irensten dugun guk. Jakinaren gainean baikaude, antzezleak, player horiek beti izango ditugula gezurren bitartez gure arima, gure barrenak kinka larrian  jarriko dizkiguten kreatura perilosoak. Perilosoak bezain gozatsuak, behin baino gehiagotan geure buruaren kontura barre egiteko adina zio ematen digute eta.

To play edo jouer hain gogoko hitzak izateak ez du esan nahi gaztelaniazko interpretar eta euskarazko bestearena egin esamoldeen atzean dagoena interesgarria ez denik, ezta aktore ofizioaren inguruan euskaldunok dugun irudia esanguratsua ez denik. Erreparatzen badiozue, interpretar/interpretatu aditzek zera nahi dute adierazi: batek edo batzuek sortutako hori hartuko duela aktoreak. Hartu eta gorputzean zehar, burmuinean barne irazi. Irazi eta elaboratu erraietan, begietan. Elaboratu eta bere egin. Bere egin eta besaulki-patioan daudenei zein kamera atzean den zuzendariari helarazi edo… aurpegira zein barruan daramatzagun mamuei bota.

Euskarazko baten papera egin horrek ere badu ukitu magikorik, antzezpenaren mamira eramaten gaituena ze... aktorea beti izango baita bera ez den beste inor. Hamaika (g)izaki gordeko ditu hezurretan. Kreatura saldo baten larruaz janzteko abilidadea landuko du antzezleak. Etengabe. Sipula sipolorum. Sariak lortu arte, erotu arte. Bere buruaz beste egin arte…

Karteldegiko bi pelikulatan dauden bi aktore emakumeren lanek  eragin izan dute idazki hau. Zeintzuek? The Zone of Interest-eko Sandra Hüllerrenak eta Poor Things-en Emma Watsonek egiten duenak. Esan gabe doa Cannesen eta Venezian estreinatu zirenetik eta epaileek sariz, urrez, ikurraz estali zituztenetik bi film horiek zinemarekiko genuen segurantza oro kolokan jarri dutela. Batak zein besteak agerian uzten dute literatura zinemaratzeko prozedurak sortzaile baten neuronak  jartzen dituela amildegi guztien aurrean ere. Baieztatzeko edo, irakur itzazue  pelikula horien ardatza izan diren Martin Amisen eta Alasdair Grayen liburuak…

Baina aktoreez ari ginen. Sandra Hüller, ezustean harrapatu gintuen Maren Aderen Tony Erdmann jukutria zoragarrian ezagutu genuen. Orain gure etxe ondoko areto ez hain korrienteetan ikusle, diru eta kritika onen markak hausten ari diren bi filmetan dugu antzezle, aipaturiko Jonathan Glazerren The Zone of Interest-en eta Canneseko Palma irabazi zuen Justine Trieterren  Anatomie d´une chute, biak  seko aztoratzen zaituzten  proposamenak. Lehengoan, Sandrak Auschwitzeko kontzentrazio esparruan komandante jardun zuenaren emaztearena (plays, joue…) egiten du. Sinetsi ala ez,  senarrari lekuz aldatzeko agintzen diotenean, ezezko biribila  ematen du berak, honako esaldi izugarria botaz: Auschwitz gure ametsa izan zen, bete izan duguna, ez naiz hemendik mugituko…

Anatomie-n, berriz, gizona balkoitik erori, bota edo, auskalo, bere buruaz beste egin ondoren, oraindik akusatu-akusatua ez bada ere, lekuko eta epaile aurrean eramango dute eta hantxe bikote batean izan daitezkeen mixeria, gorroto une txikienak eta alaitasun apurrak  geratuko dira denon aurrean, krudelki, gordin…

Emmaren kasuan, gu zahartzearekin batera bera emakume eta aktore aritu izan da heltzen, honaino iritsi arte. Poor Things paregabe honetan, non zinemaren erreferentzia guztiak egon arren berriak sortu behar baititu aho bete hortz den ikusle sorginduak, kasik hilik zen emakume batengandik sortutako izaki bat antzezten du (interpretatu, bere egin..). Markaz kanpoko lana. Bai fisikoki bai mentalki.

To  play. Jouer. Jolastu. Joko egin.Arriskatu… Hortxe aktoreen ofizio, debozio, madarikazio eta bendizioa.