Bake prozesua
Dokumentala
Jesus Eguigurenek politika uzteko asmoa iragarri du
ETB
Bilbo
Angel Amigo zinegilearen dokumentalean, Eguigurenek bere ibilbide politikoan bizi izan dituen "gazi-goxoak" azaldu ditu.
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak politika uzteko asmoa adierazi du Angel Amigo zinegilea prestatzen ari den dokumentalean.
ETArekin negoziazio prozesuan bizi izan dituen "gazi-gozoak" biltzen ditu dokumental horrek. Arnaldo Otegirekin izan duen harremanaz eta T-4ko atentatuaz ere mintzatu da Eguiguren aipatu dokumentalean.
Eguigurenek politikan dagokion zikloa "amaitutzat" ematen du, eta jaiotetxera itzuliz irudikatzen du dokumentalean. Egindako lana beste batzuek jarraitzea nahi du PSEko buruak.
Dokumentalean "gauza arruntetara bueltatu" nahi duela gaineratu du Eguigurenek.
Bere ibilbide politikoan Madrilgo agintariek "bizkarra" eman diotela sentitzen du PSEko buruak. Hala ere, kaleko jendeak "estimazioa" erakutsi diola esan du.
ETAren amaiera lortzeko ezker abertzalearekin izandako elkarrizketetean "konspiratzaile" lana egin duela zehaztu du Eguigurenek.
Biktimak "gogoan" izan ditu beti eta alderdi kide askoren hiletara joan dela gogoratu du .
Azken zortzi urteetan "ezkutuan" egindako bidaietan joan-etorri guztiak bere kontura izan direla azpimarratu du, ez baitu "dirurik" jaso.
Angel Amigok zuzendutako "Konspiratzaile baten memoriak" dokumentala udazkenerako izango da ikusgai.