Itxi

Jesus Torquemada

Europar Batasuna: aspirina bat, mesedez

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

- Erredakzioa -

Europar Batasunak gaur ez du epe luzerako proiektuen edo hitzaldi handien beharrik. Euroa salbatzeko premiazko neurriak dira behar dituenak.

Europar Batasunak gaur ez du epe luzerako proiektuen edo hitzaldi handien beharrik. Euroa salbatzeko premiazko neurriak dira behar dituenak.

Espainiak eta Italiak ezin dute luzaro iraun merkatuek jartzen dizkioten interes tipo altuak ordainduz. Interes tasa hori jaistea lortzen ez badute, bi herrialde horiek dituzten zorrak ordaindu ezinik gera litezke, eta Euroguneko hirugarren eta laugarren ekonomiak egoera horretara iristen badira, agur esan diezaiokegu euroari.

Ondo dago gaur eta bihar buruzagi europarrek egingo duten goi-bileran Europa gehiagoz, bankuen batasunaz eta batasun fiskalaz, edo Europa Federal bateruntz joateaz aritzea, baina Espainiako eta Italiako zorraren krisia geldiarazteko neurriak hartzen ez badira, ez da proiektu zoragarri horiek indarrean jartzeko modurik izango.

Goi-bileratik Europako Banku Zentralak edo erreskate funtsak, edo biak batera, Espainiaren eta Italiaren zorra erosiko dutenaren konpromisoa atera behar da eta horrekin batera Europako ekonomia bultzatzeko plan bat. Hazkunderik ez badago, arazoak dituzten herrialdeek ezingo dute euren zorra ordaindu ahal izateko baliabiderik sortu.

Alemaniak arrazoia du Espainiako eta Italiako bonoak erostea behin behineko irtenbidea baino ez dela esaten duenean, aspirina baten modukoa, arazoari momentuko konponbide bat emateko. Baina aspirina hori orain ematen ez bazaio, burukomina jasangaitza izango da laster.