Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Ahuldadea

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Egun batetik bestera lehertu zitzaigun Ukrainako gatazkak uste baino azkarrago jarri gaitu gure ahultasunaren eta arriskuen aurrean.

Esan ohi da krisietatik sortzen direla konponbideak eta sakoneko aldaketak, baina egoera zailenetan krisiek hondamendia eta amaiera ere ekar lezakete. Batzuen iritziz, krisia egoera zaila eta kaltegarria da; beste batzuen arabera, aldiz, aldaketa garaia, iragana eta etorkizunaren arteko trantsizioa.

Egun batetik bestera lehertu zitzaigun Ukrainako gatazkak uste baino azkarrago jarri gaitu gure ahultasunaren eta arriskuen aurrean. Bat-batean, sendoak ziruditen oinarriak kolokan sentitzen ditugu, eta lehen aldiz urte askotan ez dakigu norantz jo, batez ere erabakiak hartu beharko lituzketenak zetorkiguna antzemateko gai ez direlako izan. Oraingo honetan ere, gerra gugandik urruti zegoela pentsatu genuen hasieran, eta gure mugetaraino iritsi zela ohartu ginenean, sinistu genuen ez zuela gure egunerokotasunean inongo eraginik izango, berriro ere nahikoa izango zela elkartasuna adierazi eta ezer kostatzen ez zaigun laguntza bidaltzea. Baina denbora gutxi behar izan dugu hau ezberdina dela konturatzeko.

Errusia zigortzea ezinbestekoa zen, hasieran gu omen ginen indartsuak eta beraiek egindakoa larrutik ordaindu beharko zutenak. Baina, halako batean, gurpila beste aldera jiraka hasi da. Gu gaude Errusiaren menpe, eta erregai hornidura etengo baligu, ekonomian min handia egingo liguke. Guk ekonomia gerra-arma gisa erabili ondoren, Errusiak beste horrenbeste egiteak harritzen gaitu. Energia bere tresna politiko militarren artean sartzeak haserretzen gaitu. Errusiak energia, propaganda, komunikabideak, gezurrak eta eskura izan duen guztia erabili du eta erabiliko du, Europar Batasuna zatitu eta gizarteetan ondoeza zabaltzeko.

Orain arte gobernuek batasuna erakutsi dute, eta gizarteetan gehiengoak uste du jokaera zuzena izan dugula, erasotzailea eta egoeraren erruduna Errusia delako. Baina inflazioak, erregai garestiek, erosteko ahalmena jaitsi izanak eta beltz azaltzen zaigun etorkizunak guztia alda lezakete. Gero eta gehiago dira Ukrainarekiko elkartasuna zalantzan jartzen ari direnak, erruduna zein den garbi ez dutenak… Arazoak sortzen direnean, berriz, Errusia edo Txina urruti daude, ardurak eta konponbideak gertuago bilatzen ditugu aukeratu ditugun ordezkari politikoen artean, hauei eskatzen dizkiegu erantzunak eta leporatzen zailtasunen erantzukizuna.

Vladimir Putinek, momentuz, denbora bere alde du. Zigorrek min handia egingo diote Errusiako ekonomiari, baina epe luzeagoan; orain, inoiz baino diru gehiago jasotzen ari dira gero eta garestiagoak diren erregaiak salduaz. Hango gizarteak ez du apenas nabaritu zigorren eragina, momentuz gehiengoa Putinekin dagoela dirudi, eta ez dagoenak kontuz ibili beharra dauka. Demokrazia kudeatzea sistema autoritarioak gobernatzea baino zailagoa da. Eta demokrazia ez da goitik iritsitako oparia. Betikoa eta betirako zirudiena ahultzen ari da, eta krisi hau erakusten ari zaigu etorkizuna, hurbilena ere, ez dagoela idatzita.