Itxi

Bake prozesua

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Bateragunekoek babes-helegitea aurkeztuko dute Konstituzionalean

Erredakzioa

Kondenatuek 20 egun dituzte Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, eta hala egingo dute, Jone Goirizelaia abokatuak Euskadi Irratian iragarri bezala.

00:24
Bateragune auziaren epaia salatzeko, elkarretaratzeak deitu dituzte

Arnaldo Otegiren abokatuak, Jone Goirizelaiak, iragarri du babes-helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean Bateragune auziko epaiaren aurka.

Asteazkenean, Auzitegi Gorenak espetxeak mantendu zituen Otegi eta Bateragune auziko gainerako kondenatuak, baina Batasuneko bozeramaile ohiaren kasuan, zigorra 10 urtetik 6ra jaitsi zuen.

Euskadi Irratiko "Mezularia" saioan egindako elkarrizketan, Goirizelaiak azaldu du orain 20 eguneko epea dutela Konstituzionalera jotzeko, eta hala egingo dutela.

Epaia irakurri eta gero, abokatuak nabarmendu nahi izan du Goreneko bi epailek idatzitako boto partikulen garrantzia, zigortuen eta ETAren arteko harremana ez dagoela frogatuta ohartarazten dutelako.

Otegi 2022 urtea arte hautagai izateko gaitasungabetuta dagoela eta, Goirizelaiak aurreratu du horren aurka ere aurkeztuko dutela helegitea.

Epaia
Auzitegi Gorenak Bateragune auziko bost auzipetuak erruduntzat jo zituen asteazkenean ateratako epaian. Ondorioz, Arnaldo Otegik, Rafa Diez Usabiagak, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek espetxean jarraitu beharko dute.

Ebazpenaren arabera, auzipetu guztiei espetxe-zigorra sei urtera jaitsi diete. Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak; Miren Zabaletari, Sonia Jacintori eta Arkaitz Rodriguezi, berriz, 8 urtekoa.