Itxi

Felipe Etxebarria

UKRAINAKO GERRA

Bruselak zigor gogorrak, baina ez gogorrenak, onartu ditu

FELIPE ETXEBARRIA

FELIPE ETXEBARRIA

- EITB MEDIA -

Europar Batasunak Errusiaren aurka zigor gogorrak onartu ditu, baina neurri gogorrenean ez da ados jarri. Hain zuzen nazioarteko ordainketak egiteko SWIFT sistematik Errusia botatzerakoan ez dira estatu-kide denak bat etorri.

Europar Batasunak Errusiaren aurka zigor gogorrak onartu ditu, baina neurri gogorrenean ez da ados jarri. Hain zuzen nazioarteko ordainketak egiteko SWIFT sistematik Errusia botatzerakoan ez dira estatu-kide denak bat etorri. Beraz, Errusia Ukrainan egiten ari den erasoa Internet bidez ordaintzen jarraitu ahal izango du.

Alemania zigor hau ezartzearen aurka agertu da, Olaf Scholz kantzilerrak azaldu ez badu ere. Jarrera hau gogor kritikatu du Alemaniako prentsak, galdera hau luzatuz: Noiz erabakiko dute neurri hau Europar Batasunean? Putin Ukrainaren jabe egiten denean? Ala Errusiak beste herrialde batzuetan ere eraso egingo duenean? Ala NATOko herrialde bati eraso egingo dionean?

Alemania ez ezik, Italia, Austria eta Holanda ere Errusia SWIFT sistematik botatzearen aurka azaldu dira, zigor horrek Errusiatik gasa eta beste lehengaiak erosteari ateak itxiko lizkiekelako. Ordainketa bideak itxiz gero, ezingo lituzketelako inportazio hauek mantendu. Beraz, herrialde hauek Errusiarengadik duten dependentziak zerikusia izan du erabaki horretan.

Hala ere, Errusiaren aurka Europar Batasunak onartutako zigor gogorrak erabakitzea erabaki zaila  izan da, izan ere, beren ondorio kaltegarriak europarrek ere jasango dituztelako. Baina bere eraginak epe ertain eta luzera izango dira. Ondorioak banku alorrean, industriako teknologia berrien arloan, energia alorrean eta Putinen inguruko oligarkengan izango dira. Hala ere, ez dute dagoeneko Ukraina babestuko, eta ez dago argi Putinek etorkizunean beste eraso batzuk egiteko disuasio moduan eraginik izango ote duten.

Errusia gasaren eta petrolioaren salmentatik bizi da, eta Europak arlo honetan autosufizientzia lortzen ez duen bitartean, Putinek baza horrekin jokatuko du mundu mailako geoestrategian. Europak benetan behar duena energia aldaketa da, Errusiarekin duen dependentzia mozteko.

Gainera, azpimarratu behar da Suitzak, bere neutralitate egoeraz baliatuz, ez dituela indarrean jarriko EBk Errusiaren aurka onartu dituen zigorrak. Norvegiaren bidea ez du jarraituko. Beraz, Suitzak ez ditu bankuko kontu errusiarrak izoztuko. Zulo honetatik Putinek bere negozioekin jarraitu ahal izango du. Gainera, Suitzan egoitza duten nazioarteko energia enpresa askok negozioak egiten dituzte Errusiako gasarekin eta petrolioarekin.