Felipe Etxebarria
ANALISIA
Alemaniak lanerako etorkin gehiago behar ditu
FELIPE ETXEBARRIA
Ekonomiako alor asko kezkatuta dabil langile gehiagoren bila, behargin eskasia gero eta handiagoa baita.
Adituen ustez, 2035ean Alemanian orain baino langile gutxiago egongo dira, eta horrek industria alor askori zailtasun handiak ekarriko dizkie. Arazo horrentzako irtenbide bakarra, horien iritziz, etorkinak izango dira.
Epe luzera langileen eskasiari aurre egiteko beharrezkoa izango litzateke urtero 400.000 etorkin etortzea, Alemaniako Lan Merkatuaren Ikerketarako Institutuaren arabera. Adinagatik lan merkatutik erretiratzen ari diren langile alemaniarren postuak hartuko lituzkete horiek. Baina, aldi berean, horien ustez, egungo egoeran etorkin kopuru hori lortzea ezinezkoa da. Izan ere, Europako beste herrialde batzuetatik datozen etorkinen kopurua nabarmenki gutxituz doa.
Alemaniako Institutuaren arabera, urtero 100.000 atzerritar etortzea errealistagoa da, baina ez da nahikoa epe luzera behar diren beste lanpostu betetzeko. Institutuaren kalkuluen arabera, gaur egun Alemanian 47 milioi langile daude. Hemendik 2035ra izango diren jubilazioen ondorioz, 7 milioi galduko dira. Urtero 100.000 etorkin etorriz gero, 3 milioi langile gutxiago egongo dira. Eta saldoak negatiboa izaten jarraituko du. Beraz, 2060. urtean langile defizit hori 6,1 milioikoa izango da. Hori dela eta, migrazio tasa hori ez da nahikoa izango lan merkatuko bajak ordezkatzeko.
Enpresen produktibitatea hobetzeko prestakuntza profesionalerako planek langileen beharrak arindu ditzakete. Atzerriko langile espezializatuak erakartzeko 2020an abian jarri zen kanpaina bide horretatik doa, baina, adituen esanetan, ez da nahikoa.SPD, Berdeak eta Liberalak hurrengo koalizio gobernua negoziatzen ari dira, eta arazo hau mahai gainean dute. Atzerriko langile espezializatuak erakartzeko puntuetan oinarritutako plan bat prestatzen ari dira. Aukera ona izango litzateke bertan bizi diren errefuxiatuentzat ere, gaur egun duten egoerari segurtasun handiagoa emango liokeen egoiliar estatutua lortzeko.