Felipe Etxebarria
Analisia
Alemanian, Olaf Scholzek irabazi du telebistako azken eztabaida, inkesten arabera
Felipe Etxebarria
Inkesten arabera, botoen % 26 lortuko lituzke, baina gutxienez koalizioko kide bat beharko luke.
SPDk, Alderdi Sozialdemokratak, hauteskundeak irabaziko dituen itxaropena sendotu egin da, Alemanian bart izan den hirugarren eta azken telebista eztabaidaren ondoren. Olaf Scholz, bere hautagaiak, gaur egun Finantza ministroa denak, Angela Merkelen ondorengoa izateko aukera gehien ditu Parlamentu Federalerako irailaren 26an izango diren hauteskundeetan. Gutxieneko soldata orduko 9,60 eurotik 12 eurora igoko duela agindu du.
Beren ministerioan diru zuritze unitatean fiskalek egin berri duten arakatzeak, dirudienez, ia ez du eraginik izan boto-emaleen asmoetan. Telebistako eztabaida jarraitu duten ikusleen % 42k uste dute Scholz dela sinesgarriena.
Inkesten arabera, botoen % 26 lortuta irabaziko du, baina gobernu koalizioa eratzeko beste sozio bat beharko luke. Berdeak dira, kasu horretan, Gobernuan sartzeko aukera gehien dituztenak. Izan ere, klima aldaketak eztabaidaren arlo handi bat bete du. Alemaniarrek ez diote beren buruari galdetzen klima-aldaketara egokitzeak zenbateko kostua dakarren, baizik eta horretarako ez prestatzeak eragingo lukeena.
Armin Laschet, Merkelen CDU Alderdi Kristau Demokratako hautagaiak jarrera erasokorra izan du eztabaidan. Baina ez du lortu inkestetan gora egiterik. Izan ere botoen % 21 baino ez diote aurreikusten inkestek. Laschetek eztabaida gogorra izan du bere etsai sozialdemokratarekin, baina batez ere Berdeen hautagaiarekin. Honi denen kaltetan "eskatu" eta "eskatu" baino besterik ez egitea leporatu dio.
Bere aldetik, Annalena Baerbock, Berdeen Alderdiko hautagaiak enplegu politika atzerakoia izatea leporatu die kontserbadoreei, eta oposiziora joatea baino ez dutela beste aukerarik. Azken inkestek botoen % 15 eskaintzen diete Berdeei.
Aukera gehien dituen gobernu koalizioak Socialdemokrata eta Berdeen artean osotutakoa bada ere, ez da baztertzen Die Linke, ezkerreko komunista ohiak ere gehitzea. Horrez aparte, oraingo Koalizio Handia berriz errepikatzea ere ez da baztertzen. Kasu horretan FDPko liberalak ere bertan sar lirateke. Ostera eskuin muturreko AFD, Alemaniarako Alternatiba, koalizio konbinazio posible guztietatik baztertuta dago.