albisteak
Presoen alde
Marlaskak urtarrilak 7ko martxa baldintza batzuekin baimendu du
Erredakzioa
Erredakzioa
Entzutegi Nazionaleko epaileak manifestazioa debekatzeko eskaria errefusatu du, baina kautelazko neurri batzuk finkatu ditu.
Fernando Grande-Marlaskak, Entzutegi Nazionaleko epaileak, urtarrilaren 7an ETAko presoen aldeko manifestazioa debekatzea errefusatu du gaur. Baina, baldintza batzuk ezarri ditu; “preso politikoen” aipamenik ez egitea eta terrorismo-delituak egin dituzten kondenatuen argazkiak ez erakustea.
Modu honetan, Duintasun eta Justizia elkarteak atzo egindako eskaria errefusatu du magistratuak. Elkarteak martxa debekatzea eskatu zuen “aurreko urteetan frogatu den bezala, ‘euskal preso politikoen’ eskubideen aldarrikapena ETA bezalako erakunde terroristaren kideen onarpena eta omenaldia besterik ez dela” argudiatuz.
Gaur emandako autoan, “manifestazioaren eskubidea ez dela absolutua” esan du Grande-Marlaskak, eta martxa baimendu edo debekatu baino lehen “ekintzaren helburu erreala” aztertzea beharrezkoa dela gaineratu du. Zentzu honetan, Egin Dezagun Bidea plataformak egindako deialditik abiatuta zera nabarmendu du: “ezker abertzalea izendatu den ekintzak kanpaina martxan jartzeari ekin dio, ETAko presoen askatzearen helburuarekin, eta lehenengo fasea urtarrilaren 7rako deitutako manifestazioan amaituko da”.
Magistratuaren arabera, “kautelazko neurri batzuk finkatu behar dira”, gertaera hauek saihesteko: “aktibitate terroristaren goraipamena, eta ondorengo biktimen mespretxua”. “Legeak onartutako eskubideen eskarira” mugatzea da neurri horietako bat, hau da, Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea, hirugarren mailako edo baldintzapeko askatasunaren kontzesioa, gaixo terminalen askatzea edo “Parot doktrinaren” indargabetzea.
Hala ere, ETAko presoen argazkiak erakusten badira, edo araututakoaz kanpo presoen aldeko aldarrikapenak entzuten badira, epaileak manifestazioaren “berehalako disoluzioa” martxan jartzea agindu du.