Jesus Torquemada
Iruzkina
Borisek gehiago korapilatu du
Jesus Torquemada
Funtsean, betiko abiapuntuan gaude: Irlandako mugaren auzia konponezina da.
Irlandako mugaren auzia bideratzeko Boris Johnsonek egin duen proposamena korapilatsua da, brexit-aren dena bezala. Hala izango litzateke: Batetik, Ipar Irlandak eta Irlandako errepublikak bi aduana sistema ezberdin izango lituzkete. Erresuma Batua Europar Batasunetik irtengo denez, Ipar Irlanda ere bai. Bestetik, gutxienez lau urtetan, Ipar Irlandan merkatu bakarraren arauak egongo dira indarrean, eta beraz, bere nekazaritza eta industria produktuek Irlandako Errepublikakoen baldintza ber-berak bete beharko dituzte.
Proposamen horrek esan nahi du Irlandan nolabaiteko aduana-muga finkatu beharko dutela. Eta hori, Ostiral Santuko akordioen kontrakoa da eta onartezina Europar Batasunarentzat, Irlandako gobernuak ez duelako inolaz inolako mugarik nahi. Funtsean, betiko abiapuntuan gaude: Irlandako mugaren auzia konponezina da. Eta hori ederki zekiten brexit-a martxan jarri zutenek nahiz eta ez zuten honezaz txintik ere esan.