Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Europa

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Ekonomiak gainditu du azken krisialdia, baina ez gara aurreko egoerara itzuli, asko dira kaltetuak eta gizarte barruko diferentziak inoiz baino haundiagoak. Jokoan dagoena haundiegia da.

Aste honetan ditugun Europar Batasuneko parlamenturako hauteskundeek inoiz baino oihartzun haundiagoa izan dute. Alde guztietatik esaten digute garrantzi haundia dutela, Elkartearen etorkizuna jokoan dagoela, Europa Batuaren aldekoek irabazi ezkero hamarkadetako ahalegina hutsean gera litekela… Ez dakigu nolakoak izango diren emaitzak, zer egingo duten lankidetzaren etsaiek, euroaren arerio amorratuek. Baina gaur egungo egoera ez da alderdi ultraesuindarren eraginaren ondorio, betiko alderdien ezinarena baizik.

Europaren gaur egungo irudia, isatsari hozka egiten dion arraiarena da, ez dago garbi krisi ekonomikoak eragindako egoera ote den arazoen eragile ala gure ezinaren ondorio izan ote zen krisi hura eta ondoren etorri zaizkigun arazoak. Baina hauteskunde hauetako ordezkaritza bat edo beste izan, europarrok arazo larriei aurre egin beharko diegu.

Ekonomiak gainditu du azken krisialdia, baina ez gara aurreko egoerara itzuli, asko dira kaltetuak eta gizarte barruko diferentziak inoiz baino haundiagoak. Gero eta zaharragoak gara, horrek bi ondorio nagusi ditu gizarteak bizitasuna eta berritzeko eta aldatzeko gosea galdu dituela, eta gero eta behar haundiagoak ditugula bizitzaren azken atalean daudenak zaintzeko. Etorkinak behar omen ditugu, besteak beste gaztetu eta eraberritzeko, baina beldurra eta mesfidantza sortzen digute, ”gurea” dena kentzera omen datozelako. Eragozpen haundiak ditugu ados jartzeko, beste herrialdeen arrazoiak ulertzen saiatu eta gureganatzeko…

Europar Batasuna zalantzarik gabe gizakiak eraikitako proiektu miresgarriena da, emaitza bikainak izan ditu,inoiz amestu gabeko ongizate gizartea lortu du, baina okerrak eta gaizki egindakoak begi bistakoak dira, batez ere eraikuntza oreka zail eta hauskorretan oinarrituta dagoelako. Estatuek eta gobernuek erabaki dute noiz aurrera egin, noiz eskumenak banatu eta nola gauzatu asmoak erabakietan. Baina itxuraz orain ez dira gai, jorratu beharreko bidea adierazi eta erabakitzeko, edo ez dira ausartzen. Jean Claude Juncker komisio buruak krisi garaian esandakoak agerian utzi zituen erakundearen, eta orohar politikaren mugak: ”badakigu zer egin behar dugun, baina ez dakigu hori eginda gero nola lortu berriro aukera gaitzaten”. Eta agian iritsi da ordua buruzagiek postua galtzeko arriskua har dezaten, ogibidea interes orokorraren atzean edo azpian jartzeko, jokoan dagoena haundiegia delako.

Eta herritarrok Kennedy presidente estatubatuarrak esandakoa gogoratu beharko genuke: “Ez galdetu zer egin lezakeen Europar Batasunak zugatik, zuk Elkartearen alde zer egin zenezaken baizik”.