Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Theresa Mayren beste proposamen nahasi bat

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Laboristek eta kontserbadoreek uste dute May zerraldo politiko bat dela eta Europako hauteskundeek azken kolpea emango diotela.

Laboristek pentsatzen dute tranpa dela. Kontserbadoreek oihuka diote traizioa dela. Horrela jaso dute Theresa May lehen ministroaren azken proposamena brexit-ari buruz. Badirudi Mayk bigarren erreferendumaren aukera jarri duela mahai gainean; baina ez da zehazki erreferendum bat britainiarrek berriz erabaki dezaten Europar Batasunetik atera nahi duten edo ez; bozkatuko dutena zera da: onartzen ote duten Parlamentuak babestutako irteera plana. Mayk nahi du Parlamentuak bere plana onartzea, hiru aldiz baztertu duten plana, eta oraingoan aldaketa txiki batzuk erantsi dizkio. Gero, behin onartuta, emendakinak eztabaidatuko lirateke. Eta emendakin horien eztabaidan bozkatuko lukete diputatuek erreferendum hori egin edo ez, edo Europar Batasunarekin behin-behineko aduana batasuna sortzearen inguruan.

Laboristek tranpa ikusten dute hor: Akordioari baietz esaten badiote, nork ziurtatzen die gero euren emendakinak aurrera aterako direla? Kontserbadoreek traizio bat ikusten dute: brexit-a lehenbailehen nahi dute, akordioarekin edo akordio gabe, eta uste dute May laboristen aurrean amore ematen ari dela. Guztiek, laborista eta kontserbadoreek uste dute May zerraldo politiko bat dela eta Europako hauteskundeek azken kolpea emango diotela. Erresuma Batuan bihar dira Europar Parlamenturako hauteskundeak. Beraz, pentsatzekoa da ez dutela ezer egingo Mayren hilotz politikoa euren aurretik pasatzen ikusi arte.