Jesus Torquemada
Iruzkina
'Brexit'a ekainean erabakiko da
Jesus Torquemada
Mayk iragarri duenez, ekaineko lehen astean laugarrenez bozkatuko dute Parlamentuan irteera akordioa.
Ia ahaztuta genuen brexit-a, baina brexit-ak hor jarraitzen du. Theresa May lehen ministro britainiarrak gogorarazi digu, eta beste data bat aipatu du mugarri gisa: ekaineko lehen astea. Mayk iragarri du aste horretan aurkeztuko duela Parlamentuan berak gainerako Europako buruzagiekin negoziatu zuen irteera akordioa. Akordio horren laugarren bozketa izango da, eta aurreko hiruretan ezezko erabatekoak jaso zituen.
Mayren iragarpenean bi berritasun daude. Batetik, kasu honetan bozketa behin betikoa eta loteslea izango dela. Hau da, diputatuek akordioari berriz ezetz esaten badiote, Mayk ez du berriz aurkeztuko eta erabat lurperatuta geratuko da. Bestetik, ekaineko lehen asteko bozketan gertatzen dena gertatuta, Mayk utzi egingo du lehen ministro postua. Orain arte zioen akordioa onartzen zenean joango zela: orain dio joan egingo dela, akordioa onartu edo ez. Mayk erakutsi du maisua dela irautearen artean, baina orain jada ezkutuko kartarik gabe geratu da.