Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trumpek beste mesede potolo bat egin dio Israeli

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Ameriketako Estatu Batuek Israeli aitortu diote Golango gainen inguruko subiranotasuna. Zonalde hori Israelek Siriari kendu zion 1967ko gerran.

Duela astebete agindu ostean, atzo agindua bete zuen. Donald Trumpek sinatutako dekretuaren arabera, Estatu Batuek Israeli aitortu diote Golango gainen subiranotasuna. Zonalde hori Israelek Siriari kendu zion 1967ko gerran.

Nazioarteko ikuspuntutik, lurralde okupatua da. Hala diote Nazio Batuen ebazpen guztiek, eta orain arte, herrialde bat berak ere ez zuen aitortu Isralek lurralde horien subiranotasuna duenik. Era berean, inork ere ez zuen orain artean Israelgo subiranotasuna onartu Jerusalemgo hiri osoaren gainean. Trumpek, iaz, Jerusalemen ezarri zuen Estatu Batuetako enbaxada, Tel Avivetik bertara mugituz, eta praktikan Jerusalem Israelgo hiriburu dela aitortu zuen.

Erabaki horiekin, Trumpek Ekialde Hurbilari buruzko nazioarteko kontsentsua hautsi du. Eta gainera, mesede potoloa egin dio Benjamin Netanyahu bere lagun handiari (hala deitzen dio berak), bi aste barru hauteskundeak izango baititu Netanyahuk. Trumpen babesarekin, errazago izango du hauteskundeak irabaztea.

Egia esan, Trumpi soilik falta zaio esatea Zisjordania ere Israelena dela; eta gai da hori ere edozein egunetan egiteko. Trump inoiz Estatu Batuek izan duten presidente israelzaleena da.