Jesus Torquemada
Iruzkina
Trumpek gainetik kendu du bere amesgaizto handiena
Jesus Torquemada
AEBko presidenteak Mueller txostena bere mesederako erabiltzen eta Alderdi Demokrataren jazarpenaren biktima gisa aurkezten saiatuko da.
Robert Mueller fiskal bereziak ez du nahikoa frogarik aurkitu ziurtatzeko Trumpek Errusiarekin konspiratu zuela Presidentetza hauteskundeak irabazteko. Ez du argi esaten Trump errugabe denik, eta ziurtzat jotzen du hauteskundeetan Errusiaren esku hartzea izan izan zela, baina ez du frogarik aurkitu ondorioztatzeko Trumpek laguntza hori eskatu edo onartu zuela. Era berean, badirudi ez dagoela nahikoa zantzu Trump salatzeko justiziaren lana oztopatzeagatik.
Hori bai, Muellerren bi urtetako ikerketak Trumpen zenbait aholkulariren zigorrak ekarri ditu delitu ezberdinak medio. Eta aukera ireki du ikerketa ildo berriak lantzeko ustelkeria edo hauteskunde delituagatik. Baina "Impeachment"aren aukera, hau da, kongresuan epaiketa politiko bat egitea Trump botatzeko, ia ezerezean geratu den aukera da.
Trump bere amesgaizto handiena izan dena ahazteko moduan da, eta gainera, Alderdi Demokrataren jazarpenaren biktima gisa aurkez dezake bere burua. 2020ko hauteskundeetarako kanpaina martxan jartzen ari da jada, eta Trumpen jarraitzaileei ikaragarri gustatzen zaien ideia da Trump sistemaren aurkako borrokalari gisa irudikatzea. Mueller txostenak min handia eman ziezaiokeen Trumpi, baina orain Trump saiatuko da bere mesederako erabiltzen.