Itxi

Juanjo Sanmiguel

Iruzkina

Ohiturak eta beharrak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Haur eta gaztetxoen kontrako sexu gehiegikeriak Eliza bezain zaharrak dira, mundu guztiak zekien zer gertatzen zen. Horien aurrean, agindu zehatzak zeuden: salaketak ukatu eta biktimak ezkutatu.

Eliza Katolikoak 2.000 urte ditu. Mendebaldeko erakunde zaharrena eta oraindik indartsuenetarikoa da. Historia luze horretan zehar mota guztietako egoera, arazo eta eragozpenei aurre egin behar izan die. Moldatu, egokitu, etsaien baldintzak eta joko arauak onartu ditu, legeak egin eta pentsaeren oinarriak garatu.

Mendetan zehar, urte ilunenetan, Eliza izan da herritar xume eta alfabetatu gabeen iparra, berak esan die zer zegoen ondo eta zer gaizki. Horri esker, sasoi zailenetan altxamenduak eta gatazkak galarazi dituzte, gizartean anabasa ekidin. Vatikanoaren arau eta aginduen arabera eratu dira gizarteak. Hiri eta herrien eraikuntza eta antolaketa bera monasterio, eliza eta komentuen kokapenaren arabera egin dira mendeetan.

Eta horrenbeste urte iraun, eta oraindik itzal handiko erakundea izateko erregela bereziak ezinbestekoak dira, Eliza Katolikoak bereak bakarrik izan diren bideak jorratu ditu. Beste guztientzako debekatuta eta infernuaren amildegirako mehatxua zirenak zilegi izan dira Vatikanoko goiburuentzako, eta haien aginduetara zerua irabaztea errazago egin digutenentzako. Elizaren historia gizakiaren gehiegikeria, basakeria, ergelkeria eta neurrigabekeria guztien kondaira da. Imajina dezakegun guztia egin dute elizgizonek, eta ziur aski motz geratuko ginateke.

Egun hauetan Erromako eremu sakratuena, damu, ahulen eta arranguren gune bihurtu da. Hango oihartzunak mundu guztira zabaldu dira komunikabideen uhinen bidez. Garai batean fededun orori eskatzen zitzaiona egin omen dute kalota more eta gorridunek: egindakoa aitortu, damua azaldu eta penitentziak ezarritako zigorra bete. Horrelakoak ez dituzte berriro egin eta onartuko, arau zehatzak ezarriko dituzte galarazteko eta berriro gerta ez daitezen neurri zorrotz eta zehatzak hartuko dituzte.

Aingeruen sexuaz seriotasun handiz eztabaidatu zutenean, emakumea gizona baino gutxiago zela erabaki zutenean, sexu harremanak debekatu zituztenean, diktaduren aurrean men egin zutenean…Elizako buruek ondo zekiten zein zen beraien helburua, irautea, iraupenean baitatza garaipena. Garai hobeak eta okerragoak izango dira, une errazak eta korapilatsuak, baina hautsa pausatzen denean Elizaren dorreak eta kardinalen mitrak bakarrik ikusiko ditugu.

Haur eta gaztetxoen kontrako sexu gehiegikeriak Eliza bezain zaharrak dira, mundu guztiak zekien zer gertatzen zen komentu, seminario, sakristia eta moja eta fraide ikastetxetan. Salaketak hasi zirenean Aita santuak eta bere zuzeneko ordezkariek, nuntzioek, mezu eta agindu zehatzak zabaldu zituzten: erantzuna luzatu, salaketak ukatu eta biktimak ezkutatu, Elizaren irudia jokoan zegoelako. Orain badirudi aurkitu dutela ataka honetatik irteteko katazuloa, eta irtengo dira.