Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Janaria arma politiko gisa

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Guaidok iragarri duenez, otsailaren 23tik aurrera sartuko dute laguntza humanitarioa herrialdean. Madurok agintea duela frogatu nahi du, eta laguntza hori sartzen eragotziko du.

Jakiak eta botikak arma politiko bihurtu dira Venezuelan. Juan Guaidok jarduneko presidente dela frogatzea beharrezkoa du, erabakiak hartu eta abian jarri ditzakeela. Horregatik iragarri du, otsailaren 23an, Kolonbiako mugan pilatzen ari den laguntza humanitarioa Venezuelan sartzen hasiko dela. Baina laguntza hori ezingo da herrialdera iritsi, mugan, Venezuelako Armadak saihesten badu. Guaidok kontrabandista moduan arituko liratekeen boluntario sare bat sortuko duela iragarri du, baina militarrak hori erreprimitzen saiatuko dira.

Madurorentzat berebiziko garrantzia du berak agintzen jarraitzen duela frogatzea, eta horregatik eragotzi behar du laguntzaren iritsiera. Maduroren arabera, Venezuelan laguntza ez da beharrezkoa, ez dagoelako inolako arazorik. BBCri emandako elkarrizketa batean esan duenez, "Venezuelak nahikoa elikagai ditu, eta gainera, elikagai horiek oso onak dira". Datu eta lekukotza guztiek argi utzi dute herritarrak oso gaizki pasatzen ari direla. Delcy Rodriguez presidenteordeak gaineratu du Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) iristen ari den laguntza humanitarioa "kutsatuta" dagoela eta "minbizi-eragilea" dela. Rodriguezen berbetan, "AEBk herritarrak pozoitu nahi dituzte.  Laguntza humanitario hori arma biologikoa da".