Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Trumpen kontura barre egiteko unea

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

AEBk izan duten presidenterik onena bera izan dela entzutean, algaraka erantzun zioten NBEko Batzar Orokorrean zirenek. Gainerakoan, oso kezkagarria izan zen Trumpen hitzaldia.

Batzuetan, egoera larria denean, komeni da barre egitea. Hori egin zuten atzo Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Batzar Orokorrera joan zirenek. Trumpek esan zienean, gutxi gorabehera, bera dela Ameriketako Estatu Batuek (AEB) izan duten presidenterik onena, barre egin zioten. Erlaxatzeko unea zen, algaraka erantzun zuten, baina gainerakoan, kezkagarria izan zen Trumpek egindako hitzaldia.

NBErekin ez duela ezer jakin nahi esan zien, nazioartearen kooperazioan sinesten ez duela, baztertu egiten duela globalizazioa, eta bera abertzale estatubatuarra dela. Okerrena, haren hitzak ekintzekin frogatu dituela; nazioarteko akordio ugari alde batera utzita, eta murriztuta NBEn agentzia ugaritara AEBk bideratzen duten dirua.

Etxe Zurian daramatzan bi urte eskasetan, Trumpek nazioarteko oreka ugari aldararazi ditu, eta anabasa eragin, lehen gutxi bazegoen. Egia esan, atzoko hitzaldiak kanpainako mitin baten itxura izan zuen. Hilabete eta erdi barru Kongresua berritzeko hauteskundeak daude AEBn, eta Trumpek beharrezkoa du boto-emaile errepublikanoak mobilizatzea.