Itxi

Juanjo Sanmiguel

IRUZKINA

Prentsa askatasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Zalantzarik gabe Donald Trump prentsa askatasunaren etsaia da, askatasunaren edozein adierazleren etsai delako. Trumpek ezin du onartu baten batek berari aurka egitea.

Estatu Batuetako 300 bat egunkarik Donald Trump presidentearen jokaera gaitzesteko editorialak bateratu dituzte, aste honetan, zabaldu beharreko mezuak indar haundiagoa izan zezan. Herritarrei arreta eta ardura eskatu dizkiete, Trumpek komunikabideak gizarteak duen gaitz haundiena dela esan eta estatubatuarrek duten etsai haundiena direla behin eta berriz adierazi ondoren.

Thomas Jefferson, Estatu Batuetako hirugarren presidentearen hitzak ekarri dituzte gogora: ”hobe da gobernurik ez edukitzea egunkaririk gabeko gobernua izatea baino”.

Zalantzarik gabe Donald Trump prentsa askatasunaren etsaia da, askatasunaren edozein adierazleren etsai delako. Trumpek ezin du onartu baten batek aurka egitea, egiten duena ezbaian jartzea, gaizki ari dela adieraztea. Trumpek morroiak bakarrik onartzen ditu inguruan, egiten duena txalotu eta zein handia den esango diotenak. Eta jarrera bera nahiko luke komunikabideengandik.

Baina Mendebaldeko prentsak eta komunikabideek beste arazo batzuk ere badituzte, eta baliteke Trumpen eragina baino larriagoak.

Azken urtetan aldaketa sakonak izan dira, batzuk teknologiak eragindakoak, beste batzuk krisi ekonomikoaren ondorio izan direnak. Teknologiak komunikabideekiko harremanetan aukerak ugaritu egin ditu, betiko prentsak indarra eta eragina galdu ditu, birmoldatu egin behar izan du eta beti ez du asmatu, irabaziak lortzea inoiz baino zailagoa delako. Bestetik krisi ekonomikoak lan baldintzak asko hondatu ditu, baita komunikabideetako erredakzioetan ere.

Komunikabide askotako kazetarien eta langile xeheen soldatak oso urriak dira, ez dute inongo egonkortasunik eta gainetik dituztenen menpe daude erabat, gehienek ez dute inongo askatasunik era autonomoan albisteak landu edo egin beharrekoa antolatzeko. Baina maila bat gorago egoera ez da hobea.

Komunikabide haundien irabaziak asko urritu dira,gehienak zorretan sartuta daude.Lehen kooperatibak edo bazkide askoren enpresak ziren asko eta asko, saldu egin behar izan dituzte. Erosleak konpainia haundiak dira, eta hauen helburuak ez dira beti izaten informazioa askatasunez zabaltzea eta kazetarien garapen profesionala. Botere taldeen defentsa eta euren buruaren propaganda garrantzitsuagoak bihurtu dira, garai batean prentsa askatasunaren eredu ziren komunikabide zenbaitetan. Erredakzio buruek, arduradunek eta zuzendariek aginduak jasotzen dituzte.

Egoera ez da inoiz zuri ala beltz, oraindik Mendebaldean badira errealitatea anitza dela erakusten diguten komunikabideak, baina prentsa askatasunari goitik eta behetik datozkio arriskuak, kazetariak gero eta babes gutxiago duelako batez ere.