Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Katolikoak eta ebanjelikoak abortuaren kontra Argentinan

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Eliza katolikoarekin batera, ebanjelikoak ere eginahalak egin ditu abortuaren legea geldiarazteko.

Latinoamerika osoan soilik hiru herrialdetan, Kuban, Uruguain eta Guyanan, da legezkoa emakumeak abortatzeko erabakia hartzea. Epekako legea dago indarrean hiru horietan. Gainerakoetan, abortua debekatuta dago erabat, eta soilik onartzen da bortxaketen ondorio izan denean edota amaren bizitza arriskuan dagoenean.

Horregatik ari da kontinente osoa Argentinan gertatzen ari denari begira. Gizarte mobilizazio handia eragin du abortuaren legeari buruzko eztabaidak Argentinan. Diputatuen ganbarak justu-justu onartu zuen 14 astera arteko abortuak baimentzen zituen epekako legea, baina Senatuak atzera bota du, alde oso txikiaz bada ere.

Eliza katolikoak duen eraginari begiratu behar zaio Latinoamerikan abortu libreari buruzko legeak onartzea zeinen zaila izaten ari den ulertzeko. Baina, adi: eliza ebanjelikoek gero eta eragin handiagoa daukate, eta abortuaren are eta kontrakoagoak dira horiek. Eliza horiek abiadura izugarrian ari dira hazten Latinoamerika osoan eta Argentina ez da salbuespena.

Ebanjelikoentzat abortua ez ezik, homosexualitatea ere bekatu handia da. Ebanjeliko eta katolikoek ez zuten lortu 2010 urtean Argentinan homosexualen arteko ezkontza eragoztea, baina eginahalak egin dituzte abortuaren legea gerarazteko.